Terzicen Athletic hasi da beharrean

Osasun azterketak egiten hasi dira, eta eguaztenean egingo dabe lehen saio bateratua Lezamako zelaietan
Edin Terzicek Iñaki Williams kapitaina agurtzeko aukerea euki dau Lezaman / Athletic Club

Edin Terzicen aroa hasi da Lezaman. Lehen taldeko jokalariek entrenatzaile alemaniarra eta haren laguntzaileak ezagutu dabez, udako atsedenaldiaren ostean egindako lehen hartu-emonean. Unai Gomez ez da egon Lezaman Italian dagoalako. Bermeotarrak bost urteko kontratua sinatuko dau Udinese taldeagaz. Unai Vencedor be ez da agertu gaur eta leitekeena da beste talde batera joatea.

Gaur zein bihar, martitzenean, lan-dinamika antzekoa izango da: azterketa medikuak eta fisikoak egingo dabez Klubeko medikuen aginduetara. Eguaztenenean egingo dabe jokalariek lehen entrenamendu bateratua Lezamako zelaietan. Ez dira bertan egongo munduko txapelketea jokatzen dabilzan Nico Williams, Unai Simon eta Aymeric Laporte. Iñaki Williams kapitaina Lezaman egon da gaur baina oporraldiari ekingo deutso.

Entrenamenduak hasi dabezan jokalarien zerrendea honakoa da:

Atezainak: Julen Agirrezabala, Alex Padilla eta Mikel Santos.

Atzelariak: Jesús Areso, Andoni Gorosabel, Hugo Rincón, Yeray Álvarez, Dani Vivian, Aitor Paredes, Iker Monreal, Yuri Berchiche, Adama Boiro eta Johaneko Jean Louis.

Erdilariak: Mikel Vesga, Iñigo Ruiz de Galarreta, Alejandro Rego, Beñat Prados, Mikel Jauregizar, Beñat Gerenabarrena, Oihan Sancet, Peio Canales eta Selton Sánchez.

Aurrelariek: Álex Berenguer, Robert Navarro, Nico Serrano, Álvaro Djaló, Elijah Gift, Gorka Guruzeta, Maroan Sannadi eta Urko Izeta.

Edin Terzicen lantalde teknikoa zehaztuta dago dagoeneko. Iragarritako Sebastian Geppert, Peter Gaydarov eta Óscar de Marcosi, eta Gontzal Díaz-Beitia doktoreari, profil ezberdinak batu jakez. Laredoko David Casamichana, EHUko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Zientzietan doktorea, Errendimenduaren eta Prestaketa Fisikoaren Arloko arduraduna izango da. 42 urtegaz, bere azken esperientzia handia Realeko lehen taldean izan da, Imanol Alguacilen etapan funtsezko osagaia izanda, 2018tik 2026ra. Horrez gain, FC Barcelonan, Real Racing Cluben eta Torrelavegako Gimnástican be egin dau lan.

Andrew Hughes ingelesa baloi geldiko jokaldietan espezialista izango da. Datorren astelehenean batuko da lantaldera, Mundialean Eskoziagaz eginkizun hori bete dauelako. Hainbat klubetako lantalde teknikoetan egin dau lan, besteak beste, Crystal Palace, Leicester, Norwich, Sheffield Wednesday, Sheffield United eta Bolton taldeetan.

Horrez gain, indarra lantzeko espezialista bat be egongo da: Manu Crespo kantabriarra. Real Racing Cluben egin dau lan, baita liga handietako futbolariekin bakarka be. Gainera, Astana txirrindularitza taldean be aritu da. Alex Albistegi, azken lau urteetan Burgos B-ko entrenatzailea eta klubeko kirol batzordeko kidea izan dana, itzultzaile lanetan arituko da. Eibarren jaioa da eta Athleticeko beheko mailetan jokatu eban.

Ganera, Bilbao Athleticetik igoko da Iñigo Aginaga psikologoa. Hiru denboraldi egin ditu filialean. Ander Altamira nutrizionista be lehen taldean arituko da lanean, Bilbao Athleticen hiru urtez beharrean ibili ostean. Bestalde, klubean jarraituko dabe Aitor Iru atezainen entrenatzaileak eta Iñigo San Millanek, Sports Science eta Fisiologiako arduradunak. Pablo Orbaizek eta Toscana Viar nutrizionistak ez dabe klubean jarraituko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00