Athleticek ez dau Alavesen harresia hautsi eta bardinketa bategaz konformatu behar izan da arabarren kontrako euskal derbian San Mamesen (0-0). Dana dala, lehoiek Elcheren kontrako partiduan baino aukera garbi gitxiago sortu dabez gaur. Halanda be, Sancetek garaipena emon ahal izan deutso Athletici, baina erdilari nafarrak huts egin dau penalti puntutik, 70. minutuan. Beraz, zortzi puntugaz eta zortzigarren postuan helduko da talde zuri-gorria denporaldiko selekzinoen lehen etenaldira, partidu bi irabazi, bi bardindu eta beste bi galdu ostean.
Atletico Madril eta Elcheren kontrako partiduetan hasierako hamaikakoa errepikatu eta gero, Edin Terzicek bost aldaketa egin ebazan Levanteren kontra aste barruan bertan behera gelditu zan norgehiagokan. Azkenean, astebeteko atsedenaldia euki ostean, eguazteneko aldaketa batzuk mantendu ditu entrenatzaile alemaniarrak. Esaterako, Paredesek jokatu dau zentral postuan, Johanekok titulartasunari eutsi deutso eskoiko lateralean eta Jauregizar zelai erdira itzuli da; Maroanek aulkitik ekin deutso partiduari. Kontuak kontu, denporaldiko lehen zatirik txarrena burutu dabe lehoiek. Partidua kontrolpean euki arren, etxeko jokalariak ez dira jokaldi arriskutsuak sortzeko kapazak izan eta jaurtiketa gehienak urrunetik egin dabez, asmatu barik.
Taldeak elektroshocka behar ebala ikusita, Terzicek lehen aldaketa egin dau atsedenaldian eta Aresok Johanekoren tokia hartu dau defentsan. Tamalez, bigarren zatia lehen zatiaren luzapena izan da. Athleticek jabetza euki dau, baina arabarrak oso eroso sentidu dira atzean sartuta, defendatzen. Halanda be, norgehiagoka goitik behera aldatu ahal izan da 20 minuturen faltan, Nico Williamsek Tenagliaren sarrera jaso eta epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazo dauanean. Oihan Sancetek hartu dau jaurtitzeko ardurea, baina Siverak errematea gelditu deutso. Sanceten hutsegiteak min handia egin deutso psikologikoki etxeko taldeari. Halanda be, Athleticek partidua irabazi ahal izan dau, aurtengo denporaldian debutatu dauan Nico Serranok eukindako aukera batean, 89. minutuan, baina Alaveseko atzelariak kornerrera desbideratu dau jaurtiketea. Beraz, bapezna amaitu da norgehiagoka eta beste puntu bi galdu ditu Athleticek etxean, pasa dan zapatuan Elcheren kontra bana bardindu ostean.
Laster arte, San Mames!
Esan dogunez, denporaldiko selekzinoen lehen etenaldia hasiko da astelehenean, aste bikoa. Unai Simon, Aymeric Laporte eta Nico Williams munduko txapeldunak Espainiagaz itzuliko dira, Alex Padilla Mexikoren deialdian sartu da eta Alvaro Djalok Ginea Bissaugaz olgauko dau. Ostean, Athleticek hiru partidu jokatuko ditu jarraian etxetik kanpo, Rayo, Valentzia eta Levanteren kontra. Hain zuzen be, eguaztenean bertan behera gelditu zan partidua da aitatutako azkenengoa. Beraz, hilabete bat baino gehiago beharko dau Athleticek San Mamesera itzultzeko. Dinogunez, urriaren 10ean jokatuko dabe lehoiek ligako hurrengo partidua Rayoren kontra Vallecasen, txapelketako zortzigarren jardunaldian, eguerdiko 14:00etatik aurrera.