Gaur hasi eta abendura arte, 6 eta 11 urte bitarteko umeei eta euren familiei zuzendutako euskarazko jarduera eta jolas programea hasiko da Getxon. Auzoka programearen helburua, espazio publikoa jolasgune lez indartzea eta familiak ingurune irisgarrietan parte hartu dagien sustatzea da. Ekimena 2026ko udal aurrekontu parte-hartzaileen barruan kokatzen da.
Auzoka Getxoko lau plaza eta parketan egingo da: Romoko Santa Eugenia plazan, Algortako Aldapa parkean, Areetako Bizkaia Zubiaren plazan eta Malakete parkean. Auzoka barikuero izango da, abenduan izan ezik; abenduan, zapatu bitan egingo da. Danetara, 26 saio izango dira, 13 egunetan zehar. Besteak beste, antzerkia, musikea, adiemn emozionala eta herri jolasakaz lotutako jarduerak izango dira. Egun bakotxean, programea gune bitan egingo da, 17:00etatik 20:00etara, eta jarduerak begirale talde batek koordinauko dauz. Eguraldi txarra egon arren, programea garatu ahal izango dala bermatzeko, ekintza guztiak karpa txikien azpian egingo dira.
Auzoka gaur hasiko da Santa Eugenia plazan eta Aldapa parkean. Romon, umeek ipuin kontaketa baten parte hartu ahal izango dabe. Istorioa umeen parte-hartzeagaz antzeztuko da, eta horretarako, superheroi mozorroak eta makillajea erabiliko dabe. Algortan, barriz, Joko Zirkua izango da, dinamizazino talde batek zuzendutako joko tradizinalen ikuskizuna.
Auzokan parte hartzen daben umeek pasaporte bat jasoko dabe, jardueretan parte hartu ahala osotu ahal izango dana. Ekimenari buruzko informazinoa eta jardueretan erabiliko dan material didaktikoak eskuragarri dagoz www.sacodj.com/auzoka webgunean.