Urdaibaik 50.000 bisitari baino gehiago izan dauz uda honetan

2025ean baino %9,9 bisitari gehiago

Urremendi Landa Garapen Elkarteak balorazino positiboa egin dau garagarrilean eta abuztuan Urdaibain izandako turismo-jardueraren inguruan. Gernika-Lumoko, Bermeoko eta Mundakako turismo-bulegoek eta Gaztelugatxeko informazino-guneak 50.661 bisita zenbatu dabez udako denboraldiko hile bi horreetan. Kopurua igazko udakoa baino handiagoa da. 2025eko garagarrilean eta abuztuan 46.105 pertsona igaro ziran aitatutako lau arreta-guneetatik. Beraz, aurten %9,9 inguruko igoerea izan da.

2026an Gernika-Lumoko turismo bulegotik 22.572 pertsona pasau dira; Bermeokotik, 10.601; Mundakakotik, 2.018; eta Gaztelugatxeko informazino-gunetik, 15.490. Urremendik positibotzat jo dau bilakaera hori, baina azpimarratu dau bisitari kopurua ez dala, berez, Udaibaiko turismoaren arrakasta neurtzeko adierazle bakarra. Helburua da eskualdeak bisitariak erakartzeko daukan gaitasuna bateragarria izatea bertako natura-inguruneagaz eta herrietako eguneroko bizitzagaz.

“Urdaibaik interes handia pizten jarraitzen dau, eta hori positiboa da, baina gure helburua ez da mugarik barik haztea. Lurraldea ezagutu eta errespetauko dauan turismoa gura dogu; hemen bizi diranakaz modu orekatuan biziko dana, eta gure herriak eta bertako jarduera ekonomikoa bizirik mantentzen lagunduko dauana. Gakoa kalidadean haztea eta jasotzen dogun turismoa urteko beste sasoi batzuetara be zabaltzea da”, adierazo dau Aitziber Andotegi Urremendiko gerenteak.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen bisitarien artean, Madrilek eta Kataluniak pisu handia izaten jarraitzen dabe. Nazinoarteko bisitei jagokenez, hurreko herrialdeak nabarmentzen dira, Frantzia eta Italia esaterako, baina baita Alemania, Belgika, Herbehereak, Erresuma Batua edo Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako bisitariak be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00