Athleticek 2-1 irabazi dau Errealaren kontrako derbia San Mamesen, ligako 11. jardunaldian. Beraz, Bilbon gelditu da garaipena. Zuri-gorriek Iñaki Williams eta Alex Berenguerrek lehen zatian sartutako golak aprobetxau dabez atsedenaldira aurretik heltzeko, eta bigarren zatian ondo eutsi deutsie markagailuari, larregi sufridu barik. Horrela, bere bolada onari jarraipena emon deutso talde bilbotarrak. Lehoiek 15 puntu daukez dagoeneko eta zazpigarren postuan dagoz egonkortuta, aurkariak baino partidu gitxiago bategaz.
Talde zuri-gorria ondo sartu da partiduan. Esaterako, Alex Berenguerrek aukera paregabea euki dau Athletic markagailuan aurreratzeko lehen jokaldian, baina bere errematea gehiegi gurutzatu dau, ate osoa hutsik euki arren. Ganera, Maroan Sannadi lesionatu egin da jokaladi berean eta Robert Navarrok hartu behar izan dau bere tokia zelaian. Hain zuzen be, Navarrok euki dau etxekoen hurrengo aukera garbia. 14. minutuan, Athleticen ekiteak saria euki dau. Iñaki Williamsek sareetara bialdu dau baloia, bere anaiaren pasea jaso eta gero, Remiroren gainetik errematauta. Golak indarra emon deutso Athletici, baina Errealak partidua bardindu dau jokaldi solte batean, 30. minutuan, Sucicek urrunetik egindako jaurtiketa indartsu bati esker. Partidua atsedenaldira heltzear zala, epaileak Athleticen aldeko penalti polemikoa adierazo dau, Aramburuk Nico Williamsi egindakoa. Berenguerrek ez dau hutsik egin.
Erreala bardinketaren bila urten da bigarren zatian eta Athletic bere arean hondoratu da pixkanaka-pixkanaka. Dana dala, talde gipuzkoarrak ez dau aukera askorik sortu eta egondakoetan Unai Simonek merituzko geldiketak egin ditu. Horren harira, Athleticeko atezainak partiduko jokalari onenaren saria lortu dau. Ganera, Terzicek taldearen atzekaldea indartu dau aldaketekaz, Prados, Johaneko eta Yeray zelairatu ditu-eta. Bitartean, Sancetek lesinoa atzean utzi eta azken minutuak jokatu ditu. Errealak baloiak eskegi ditu luzapenera arte, baina ez dau Athleticen atea zulatu eta hiru puntuak etxean gelditu dira.
Errealaren kontrako derbia irabazi eta gero, Athleticek Osasunaren aurkako derbia jokatuko dau orain. Lehoiek Iruñeara osterea egingo dabe talde nafarraren kontra jokatzeko. Norgehiagoka zapatuan izango da, zemendiaren 7an, arratsaldeko 18:30ean. Hain zuzen be, Osasunak jokatuko dau 11. jardunaldiko azken norgehiagoka. Gorritxoek Deportivo eukiko dabe aurrean Galizian bihar.