Sari eskasa Sadarren (1-1)

Athleticek aukera bikaina galdu dau hiru puntuak eskuratzeko Sadarren, bardinketaren gola azken minutuan sartu dauen Osasunaren aurka
Iñaki Williamsek baloi bikaina emon deutso anaiari Athleticen golaren jokaldian / Athletic Club

Puntu bakarragaz itzuli da Athletic Bilbora Osasunaren aurka Sadarren bapezna bardindu ostean. Zuri-gorriak aurkaria baino hobeak izan dira partidu osoan baina ezin izan dabe garaipena eskuratu gol aukera garbiak euki arren. Nico Williamsek aurreratu dau Athletic norgehiagoka amaitzeko bost minutu geratzen zirala baina hiru puntuak Bilbora etorriko zirala zirudienean Catenak bardinketearen gola sartu dau Osasunak partidu osoan euki dauen aukera bakarrean. Kontuak kontu, Athleticek puntu bi itxi ditu gaur Iruñean.

Realaren aurka zelairatu eban hamaikakoa errepikatu dau Terzicen Sadarren Osasunari aurre egiteko. Gipuzkoarren aurkako derbian jazo zan legez, zuri-gorriek gol aukera bikaina euki dabe lehen minutuetan baina barriro be ez dira baloia sareetara bialtzeko gauza izan. Beste aukera garbi bi euki ditu Athleticek lehenengo zatiko azken minutuetan. Berenguerrek zutoinera bialdu dau baloia areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten. Eta lehen zatiko azken minutuan Aitor Fernandezek geratu egin dau Yuri Berchichek buruz egindako errematea.

Zurigorrien nagusitasuna areagotu egin da bigarren zatian, atzean sartuta jokatu dauen Osasunaren aurka. Bilbotarren nagusitasunak, ostera, ez eban islarik markagailuan. Edin Terzicek aldaketa bikotxa egin dau bigarren zatiko hogeigarren minutuan Oihan Sancet eta Iligo Ruiz de Galarreta zelairatuta Gerenabarrena eta Navarroren ordez. Entrenatzaile alemaniarrak garbi ikusi dau bere taldeak aukera garbia eukala hiru puntuak eskuratzeko.

Sancetek sareetara bialdu dau baloia Berenguerrek eskoitik egindako erdiraketa bat baliatuz baina epaileak baliobakotu egindau gola hegalekoa jokoz kanpo egoalako. Athletic jaun eta jabe zan zelaian eta partidua bardinketagaz amaitzeko bidean joiala Nico Williamsek Aitor Fernandezen atea zulatzea lortu dau Canalesek hasi eta Iñaki Williamsek jarraitu dauen kontraerasoko jokaldian. Gol horrek partidua erabakita itxi ebala zirudienean Osasunaren bardinketaren gola sartu dau 90 minutuan, Catena atzelariak area barruan solte geratu dan baloi bat baliatuta.

Etxetik kanpo ez galtzea beti ona bada be, Athleticek aukera bikaina galdu dau Sadarren hiru puntuak eskuratzeko. Zuri-gorriak nagusi izan dira partidu osoan baina ez dira zorrotz ibili aurkariaren ate aurrean aukerak gauzatzeko orduan. Osasunak, ostera, sareetara bialdu dau baloia partidu osoan euki dauen gol aukera bakarrean. Ligako etenaldia dator orain eta Athleticek Espanyolen aurka jokatuko dau hurrengo partidua zemendiaren 20an, barikuan. Aurretik, datorren zapatuan, Euskal Selekzinoa eta Venezuelaren arteko partidua jokatuko da San Mamesen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00