Ikerbasquek 15 urte bete dauz

Gaur egun Euskadiko 24 unibersidade eta ikerketa zentroetan lan egiten daben 35 herrialdetako 336 ikertzaile daukaz

Ikerbasque 15 urte ikerketa zientifikoa indartzen

Ikerbasqueren 15.urteurrena ospatzeko ekitaldia, atzo, Guggenheim Museoan / Bizkaia Irratia

Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazinoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak bultzatu eban 2007an, ikerketa zientifikoa indartzeko asmoz. 15 urte honeetan Ikerbasquek ikerketa arloko talentuaren alde apostua egin dau eta mundu osoko ikertzaileak erakarri dauz karrerak sendotzeko aukerak eskainiz. Komunidade zientifiko horrek 295 milioi euro ekarri dauz guztira Euskadira eta 1.300 personak lan egin dabe ikertzaile horreek buru izandako taldeetan. Honen harira Ikerbasqueko ikertzaileek 10.000 artikulu baino gehiago argitaratu dabez nazinoarteko aldizkari zientifiko ospetsuetan.

Gaur egun Ikerbasquek 35 herrialdetako 336 ikertzaile daukaz, hiru kategoriatan banatuta: finkatutako 175 ikertzaile, 91 ikertzaile gazte eta 70 Research Associate. Euskadiko 24 unibersidade eta ikerketa zentroetan lan egiten dabe. Euretako bat, Ainara Castellanos ikertzailea konbidau dogu Lau Haizetara irratsaiora. Biologian lizentziatua, lau hilabeteko egotaldia egin eban Tampereko Unibersidadean (Finlandia). Ostean Castellanosek graduondo bat egin eban Columbiako Unibertsidadean (AEB). 2016an Euskal Herrira itzuli zan, Ikerbasqueren eskutik. Bere ikerketak sistema inmunean eta gaixotasun zeliakoan RNAk daukan garrantziari buruzkoak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular