Janire Martinez: "Amatasunean fisikoari laguntza gehiago emoten jako, baina alderdi emozionalari aurre egiteko baliabiderik ez dago"

Proiektua Arrigorriagan, Ugaon eta Zaratamon dago errotuta, nahiz eta eskualde osora zabalik egon

Altzoan Zaintza, amak eusteko sarea

Janire Martinez / Bizkaia Irratia

Aita-amek, gurasoek euren esperientziak partekatu eta zalantzak argitzeko espazioa da Altzoan Zaintza sarea. 2022.urte hasieran sortu eben Enara Menoyok, Janire Martinezek, Judith Teixerak eta Goizargi Santa Teresak. Beste hainbat guraso lez, haurdunaldian eta haurrak hezteko prozesuan bakarrik sentidu ziran, eta eskualde mailako laguntza eta babes sarea osotuteko lehenengo pausoak emon ebezan.

Janire Martinez Altzoaneko kideak Herriz Herri irratsaioan esan deuskunez, amatasunaren inguruan gabezi asko dagoz. Batez be, formakuntza aldetik. “Prestakuntza ikastaroetan hainbat gauza ez dira aitatzen. Agian fisikoari laguntza gehiago emoten jako, baina alderdi emozionalari aurre egiteko baliabiderik ez dago”. Administrazino arloan be zailtasun asko dagoz, “papeleo” asko: bajak tramitatzeko, baimenak eskatzeko, dirulaguntzak eskatzeko… “Bada maratoi bat, bapatean topatzen dozu zeure burua izaki txikitxo bategaz… eta hainbat gauza egiteko”.

Urtebeteko epean egoera zaurgarri horretan egon daitekezan emakumeentzako espazioa sortzeko pausoak emon dauz Altzoan Zaintza sareak. Edoskitza tailerra, yoga familian, BLW (Baby Led Weaning) tailerra, loa haurtzaroan ikastaroa… antolatu dabez. Era berean, hileko azken barikuetan, Arrigorriagako Lamiaenan ama talde bat batzen da, euren artean lasai egoteko tartea hartuz eta jakin-min edo esperientziak konpartiduteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular