Amorebieta-Etxanon lehenengoz egingo da gaurtik domekara Amoreszena jaialdia, familia antzerki jaialdia. Hiru egunez, hainbat emonaldi eskeiniko dira doan. 0 eta 12 urte arteko haurrentzako ikuskizunak izango dira. Udala da antolatzailea. Bertatik, Koldo Bilbao kultura zinegotziak esan deusku, aspaldi ohartu zirala, familia osoari eskeinitako ekitaldiek harrera handia daukiela herrian. Era horretara erabagi eben Amoreszena jaialdia antolatzea. Asmoa, kulturearen bidez, gizarte bidezkoago bat eraikiteko balio leikien proposamenak eskaintzea da. Sorpresak izango dirala be esan deusku.
Egitaraua
Gaur arratsaldeko seiretan izango da lehenengo emonaldia Amorebieta Etxanon. Andante eskeiniko dau herrikoa dan Markeliñe taldeak. Zazpiretan, Hortzmuga konpainiaren Alonso, ezinezko mandatuen mezularia izango da herriko plazan eta zortziretan, Zornotza Aretoan, Zugan ni antzerki proposamena eskeiniko da, nerabeentzat kasu honetan. Bihar, zapatuz, goiz zein arratsaldez izango dira ikuskizunak. Tartean, esan behar, instalazino handia jarriko dala Zelaieta Parkean. Itinerania Titeretú izeneko instalazinoa. Esku erraldoi bat dala esan deusku Koldo Bilbaok. Adrian Conde, Txalapart konpainia, Zirkozaurre, Bea Larrañaga, Engruna Teatre, Zirkun Zirko edo Anita Marabillas konpainien lanak, doan ikusi ahal izango dira Amoreszena jaialdian gaurtik domekara bitartean. Herriko plazan, Zelaieta Zentroan, Zubiaur musika eskolan, Andra Mari plazan eta Zornotza Aretoan izango dira emonaldiak.
