Kizomba erritmoak eta pop elektroniko melodikoa buztartzen dauz abestiak

J Martinak 'Paktua' kantua kaleratu dau

Ane Barcena: “Lehenengoz egin dogu holako abesti dantzagarri bat”

J Martina hirukoteak 2022an kaleratu eban lehenengo disko luzea eta hileon kaleratuko dau bigarrena: Negu gorri. Dagoeneko diskoaren aurrerapen kantu bi argitaratu dabez. Lehenengo Esku burdin emon eben ezagutzera, eta asteon bigarrena iritsi da, Paktua.

Ane Barcena taldekideak azaldu dauanez, kizomba erritmoen arrastoak eta pop elektroniko melodiko eta barea alkartu dabez kantu barrian, eta ahotsen jokuek eta akordeen zentzu melankolikoa emoten deutse abestiari. Letreari jagokonez, dezepzinoaren inguruko hitzak dira. Kontestu sozial eta politikoari erreferentzia egiten deutse, eta kritika azaleratzen da. Badator estudioagaz alkarlanean egin dabe kantuaren bideoklipa. Bertan mitin politiko bat irudikatzen dabe, politika parlamentarioaren karikaturea egiten dabe.

J Martina Ane eta Kattalin Barcena ahiztek eta Javier Jorajuriak sortu eben 2019an. Singleak kaleratzen hasi ziran, eta 2022an sei kantuz osotutako Jaio naiz baina EPa kaleratu eben. Lan hori atera eta ostean, beste hainbat abesti kaleratu dabez, hileon aurkeztuko daben Negu gorri album barriaren aurretik. Ane Barcenaren esanetan, “disko hau sortzea prozesu luzea izan da: denporea hartu dogu kantak pazientzia eta kontu handiagogaz egiteko, sortze prozesua sakonagoa izan da, ez hain espontaneoa”. Emaitzagaz oso pozik dago J Martina taldea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular