Sua talde bizkaitarrak eta Neomak gipuzkoarrak Korean eta Japonian emongo dabez kontzertuak

Urriaren 6tik 15era bitartean 5 kontzertu eskeiniko dabez Asian

Ane Barrenetxea: “Abendu ostean paradatxo bat egingo dogu, lasai ibili eta abestiak konposatzeko”

Neomak eta Sua taldeak / Bizkaia Irratia

Sua eta Neomak taldeek birea egingo dabe Asian zehar. Hego Korean eta Japonian 5 kontzertu eskeiniko dabez urriaren 6tik 15era bitartean. Herrialdeko bakotxeko areto eta jaialdi esanguratsuenetan izango dira.

Hego Koreako uriburuan, Seulen joko dabe, Zandari Festibalean (urriaren 6an Sua taldeak, 7an Neomakek). Azokako showcasean emongo dabe kontzertua, Asiako programatzaile eta musika arloko langileen aurrean. Horrezaz gain, Musinsa Garage areto mitikoan Basque Night egingo dabe hilaren 7an, eta han be izango dira. Fight For Rights jaialdian be parte hartuko dabe.

Japoniara joango dira ondoren eta kontzertu bina emongo dabez Tokioko Chofu Cross aretoan eta Minakami herrian egingo dan M Festival jaialdian.

Ane Barrenetxea Sua taldeko abeslariak kontau deuskunez, helburu zehatzik ez daukie. “Holako aukera bat aprobetxatzea, gure musikea apur bat zabaldu eta esperientzia disfrutau gura dogu”. Asiatik bueltan, EZK festibalean joko dabe. Zemendian Madrilen izango dira Liher taldeagaz batera. eta abenduan be kontzertuak eskeiniko dabez. Ostean paradatxo bat hartuko dabela azaldu deusku Barrenetxeak, lasai ibilteko eta urte barrian abesti barriak konposatzen hasteko.

Neomak taldeko Amets Ormaetxea be geugaz izan da. 2022.urtean Neomak izeneko diskoa kaleratu ostean, talde gipuzkoarra urte osoan ibili da debuteko lana aurkezten. “Oso pozik gabilz, oso bide polita izaten dabil” esan deusku Ormaetxeak. Udagoienari be indartsu ekingo deutso Neomak taldeak, Asiara egingo dauan birea dala-eta. “Denpora gitxi daroagu proiektuagaz eta hain denpora gitxian holako aukera bat suertatzea, guretzako poz handia da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular