Udako Euskal Unibertsidadeak (UEU) bultzatutako Artizarra sare sozial zientifiko-profesionalak eguneraketa garrantzitsua izan dau. 2018. urtean sortutako plataformak euskal komunidade zientifikoa saretu, ikusgarri egin eta sendotzea dauka helburu. Gaur egun 1.000 kide baino gehiagok osotuten dabe.
Artizarrako koordinatzaile dan Zihara Enbeitak azaldu dauanez, proiektua Inguma datu-basetik abiatu zan, euskarazko ekoizpen zientifikoaren atzean dagozan pertsonak alkarlotzeko beharrari erantzuteko. Ingumak azken 50 urteotan unibertsidade mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitxean euskaraz idatzi eta ahoz ekoiztu danari buruzko oinarrizko informazinoa eskaintzen dau, baina pertsonen arteko hartuemonak bideratzean labur geratzen zan. “Ekoizpen horri aurpegia jartzeko, eta komunidadea saretu eta sendotzeko sortu zan Artizarra“, azaldu dau. Hainbat funtzino betetzen dauz komunidade hori saretzeko: laguntza-eskeak, eztabaidak, foroak, adituen bilaketa eta euren lanen jarraipena, norberaren ekoizpena eta curriculuma zabaltzea…
Artizarrako koordinatzailearen berbetan, orain plataformea erabilterrazagoa da. Aurreko bertsinoan komunidadea baegoan arren, dinamika faltea sumatu eben. Hortik dator Artizarraren itxura barritua, erabiltzaileen parte-hartzea sustatzeko. Euskeraz bakarrik dan heinean, babesgune be bada, arnasgune digitala, eta horrek be badauka garrantzia Zihara Enbeitak azpimarratu dauanez.
