Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak, ekitaldia egin eban astegoienean Andoainen. Herri horretan dagoan desoreka salatu dabe. Eskola publikoa eta kontzertatuaren arteko desorekaz ari gara. Plataforma honetatik azaldu dabenez, behar sozialak daukiezan ikasle edo familia ia guztiak eskola publikoan dagoz, baita atzerritar jatorriko ikasle gehienak be. Eskola-desoreka honek, Andoaingo gizarte-kohesinoa, alkarbizitza eta euskalduntzea arriskuan jartzen dauazala ziurtatu dabe. Momentu honetan, herrian 2024. urtean jaiotako 64 haurrentzat, ikastetxe pribaduek 75 plaza eskaini dabez 3 urteko gelearako. Eskaintza horrek eskola publikoaren bideragarritasuna ahultzen dauala azaldu dabe. Andoaingo eskola publikoak gitxienez 36 plaza eskaintzeko gaitasuna dauka. Andoaingo egoerea herri gehiagotan be gertatzen dala azaldu dabe plataformatik. Hemen Bizkaian, Santurtzi eta Durango jartzen dabez adibidetzat.
Joera pribatizatzailearen kontra
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik, Arantza Fernandez de Garaialde Bilboko kideak gaur esan deusku, Hezkuntza Sailak orain arte egindakoak ez dauala balio izan segregazinoagaz amaitzeko. Andoainen eta herri gehiagotan gertatzen ari dana ikusita, bestelako planifikazino bat behar dala esan deusku. Eskola publikoa, hezkuntza sistemaren ardatza izan behar da bere esanetan. Datorren urteko aurrekontuak aurkeztu dauz Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak inoiz baino aurrekontu handiagoa dauka. Sare publikoa indartzeko erabiltzea gurako leuke plataforma honek. Bitartean, mobilizazinoakaz jarraituko dabe.
