Huelga orokor egunaren bezperan gagoz eta gauzak zelan dagozan jakin gura izan dogu Bizkaia Irratian. Deitzaileetariko bat LAB sindikatua da eta geugaz izan da Igor Arroyo, LABeko koordinatzaile orokorra. Esan deuskunez, sentsazino positiboak daukez biharko egunari begira: “Greba orokorra beharrezkoa da. Ganera, arrakastatsua izango dala aurreikusten dogu. Etxebizitza zein lan prekarioren arazoak aspalditik datoz. Lanuztea nabarmena izango da Euskal Herri osoan“.
Beraz, soldata duinak aldarrikatuko dira bihar. Horren harira, gitxieneko soldata propioaren gaia be hor dago. Lehendakariagaz honetaz berba egiteko bilerea izan eben sindikatuek orain dala aste batzuk: “Gitxieneko soldata propioagaz bide guztiak arakatu doguz. Patronalari planteau geuntsan posible zala alde bien arteko akordioa egitea, gitxieneko soldata propioa ezarteko Hego Euskal Herrian, baina patronala ez zan negoziazinoen mahaian jesarri. Bestalde, legearen aldaketa be proposatu dogu, hemengo instituzinoek gitxieneko soldata propioa arautzeko eskumena jasoteko. Lehendakariari esan geuntsan goiz ala beranduago konpondu beharko dala gaia. Bestela, zelako sinesgarritasuna dauka Euskal Herriko autogobernuak holako erabagiak hartzeko aukerarik ez badago?“.
Bitartean, eguenean eztabaidatuko ditue etxebizitza dekretu biak Kongresuko Diputazino Iraunkorrean. Itxura guztien arabera, batak urtengo dau aurrera eta besteak ez: “Uste dogu aukera dagoala oindino dekretu biak aurrera ateratzeko. Lehen dekretuaren gehiengoa osotu daiteke bigarrenari begira. EAJri dei berezia egiten deutsagu. Noren alde jokatu gura dau? Errentismotik bizi diran putre-funts eta kapital handien mesedetan edo familien ondoan egon gura dau?“.
Bestalde, biharko greba egunerako ezarritako gitxieneko zerbitzuak handiegiak dirala uste dabe: “Ez dagoz justifikauta. Bizitzari eusteko beharrezkoak diran jarduerek soilik behar dabe arreta eta gitxieneko zerbitzuak. Horregaitik, ez dogu ulertzen zergaitik planteatzen diran gitxieneko zerbitzuak hil ala bizikoak ez diran jardueretan: garraioan, hezkuntzan… gitxieneko zerbitzuak errekurridu egin doguz“. Hainbat mobilizazino izango dira biharko egunean, baina eguerdian Bilbon egingo dana nabarmentzen da besteen gainetik, batez be: “Goizeko lehen ordutik egongo dira piketeak martxan. Bilbon eguerdian zutabe ezbardinek bat egingo dabe eta 12:30ean manifestazino nagusia egingo da. Arratsaldez, aldiz, herriz herri izango dira mobilizazinoak”.
Amaitzeko, beste gai batzuen inguruan hausnartu dau Arroyok. Esaterako, Confebask, Euskal Enpresaburuen Zirkuluak, AFMk, Elkargik eta ASLEk Euskadiren garapen ekonomikorako herri itunerako proposamena egin dabe. Bestalde, Vicinayk 60 persona kaleratu eta datorren urteko uztailera arteko Lan Erregulazino Espedientea egiteko asmoa dauka: “Enpresek, etekinak hain handiak ez diranean, arazoaren muina langileen bizkarretarra botetan dabe. Aldiz, etekin handiak dagozanean, enpresariek poltsikoratzen dabez irabaziak. Erakundeen aldetik jarrera aktiboagoa botetan dogu faltan enpleguaren alde”.
