Etxepare Euskal Institutuak BASQUE izeneko podcasta aurkeztu dau. Euskal kulturea eta sormena mundura zabaltzea da Etxepare Institutuaren eginkizuna. Helburu hau kontuan hartuta sortu dabe BASQUE podcast-a. Mikel Lasa, komunikazino arduradunak aipatu dauanez podcasta gorantz doan formatoa da. Azken hamarkadan hazkuntza handiena izan dauan formatoetako bat da eta horregatik aukeratu dabe.
Edukia
Euskal kulturaren barruan pertsona esanguratsuen barri emongo da egitasmo honetan. Oier Aranzabal kazetariak egingo dau gidari lana. Alkarrizketak, narrazinoak eta dokumentalak buztartuko dira. Ingelesera itzulita dagoz eduki guztiak baina euskereak badauka presentzia. Aranzabalek egindako alkarrizketa guztiak euskeraz eginda dagoz. Estibaliz Urresola zinegilearen ganeko podcasta dago entzungai urriaren 15etik plataforma digital desbardinetan. Hurrengoa Eneko Atxa sukaldariarena izango da. Asmoa, hamabostero podcast bat kaleratzea da. Sahatsa Jauregi artistea, Hiromi Yoshida hizkuntzalaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira hurrengo protagonistak Etxepareren BASQUE podcast-ean.