Elordi-Rezusta eta Jaka-Mariezkurrena bikoteak irabazle izan dira Eskuz Binakako txapelketa nagusiaren lehen hiru jardunaldietan

Txanponaren beste aldean, Laso-Aranguren eta Elezkano-Martijak ezin izan dabe garaipenik lortu

Bikote bi beste guztien ganetik

Beñat Rezustak eta Aitor Elordik bikote sendoa osatzen dabela erakutsi dabe orain arteko partiduetan / Bizkaia Irratia

Partidu bakarra geratzen da Eskuz Binakako txapeketa nagusiaren hirugarren jardunaldia amaitzeko eta, txapelketearen lehenengo fasea oso luzea bada be -hamaika partidu geratzen dira jokatzeko-, bikote bik sendotasun handia erakutsi dabe, hiru partidu irabazita. Aitor Elordi eta Beñat Rezustak ederto ekin deutsoe txapelketari. Zortzian itxi ebezan Danel Elezkano eta Julen Martija lehen jardunaldian, 22-11 irabazi eutsien Ezkurdia eta Tolosari Mallabian jokatutako bigarren jardunaldiko partiduan eta 22-17ko emaitzeagaz menderatu ebezan Artola eta Imaz astegoien honetan Donostiako Atano III frontoian. Elordik pelotakada gogorra jaso eban aurpegian baina zorionez ez deutso lesino larririk eragin. Mallabiako aurrelariak eta Elgoibarko atzelariak azterketa gogorra eukiko dabe domekan Eibarko Astelena pelotalekuan jokatuko daben partiduan, Pello Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta izango ditue aurkari-eta. Nafarrek garaipen bi kateatu dabez azken jardunaldi bietan, lehenengoan Ezkurdia eta Tolosaren aurka ezustean galdu ostean.

Jaka-Mariezkurrena bikoteak be maila bikaina emon dau eskuz binakako txapelketaren hasieran. 22-7 irabazi eutsien Larrazabal eta Arangureni lehen jardunaldian eta ozta-ozta lortu eben garaipena bigarren jardunaldian Peña eta Albisuren aurka. 17-21 galtzen joan ostean, markagailua irauli egin eben bigarren garaipena eskuratzeko. Aurreko domekan, Elezkano eta Martijaren ganetik pasau ziran Bizkaia frontoian. Mariezkurrena oso sendo dabil atzeko koadroetan eta Jakak erraz amaitzen dau tantoa bere atzelariaren nagusitasunak eskeintzen deutsazan aukerak baliatuz.

Txanponaren beste aldean, sailkapeneko azken postu bietan, Laso-Aranguren eta Altuna-Martija bikoteek ez dabe garaipenik lortu txapelketaren lehen hiru jardunaldietan. Unai Laso lehiaketara itzuli zan aurreko eguaztenean Tolosako Beotibarren baina Arangurenek eta biek hamaika tanto baino ez ebezan egin Artola eta Imazen aurka. Hiru egun beranduago, 22-13 galdu eben Pello Etxeberria eta Zabaletaren aurka, partiduaren hasieran maila txukuna emon arren. Esan beharrik ez dago, Lasok partiduak behar dituela lehiaketa erritmoa berreskuratzeko.

Jokin Altunak argi eta garbi esan eban ez ebala txapelketako partidurik jokatuko eskoiko sorbaldan eukazan arazoak osatu arte. Danel Elezkanok ordezkatu dau Amezketako txapelduna lehen hiru jardunaldietan eta Martijak eta biek maila eskasa emon dabe. Izan be, ez dabe hamar tanto egitea lortu partidu baten bez. Arestian esan bezala, txapelketea hasi besterik ez da egin eta ez dago ezer erabagita. Halanda be, Altunak eta Martijak euren mailarik onena emon beharko dabe sailkapeneko azken postu biak saihesteko. Eskuz Binakako txapelketa nagusiak orain arte eskeini dauena aztertu dogu Iñaki Iza pelotari ohiagaz Jokoan kirol tartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular