Zierbena eta Urdaibai izan dira Galizian ospatutako estropaden irabazleak. Zapatuan, Ribeiran, galipoak izan dira nagusi eta domekan, Boiron, Urdaibaik denporaldiko seigarren bandera lortu dau. Halan be, ez dira emoitza onak lortu dabezan bizkaitar bakarrak izan, Ondarroak eta Lekeitiok puntu onak lortu dabez-eta hurrengo estropadei begira.
Galipoen bigarrena
Zapatuko estropadean ez da inolako ezustekorik egon banderei begira. Zierbenak denporaldiko bigarren bandera lortu dau, Urdaibairi bi puntu murriztea lortu dauen estropadan. Sailkapenari jagokonez, ezustekoa Ondarroaren bosgarren postuarekin eta Hondarribiaren hamargarren postuagaz iritsi da. Bizkaitarrek maila onean egin dabe arraun, denporaldiko emaitza onena lortu eta ohorezko txanda jokatzeko bi segundora geratu dira. Josu Elu Ondarroako arraunlariagaz berba egin dogu. Eluk onartu dau oraingoan gauzak ondo atera dirala, eta ez beste batzuetan lez: “Donostiagaz burrukan aritu gara eta gero erritmo onari eutsi deutsagu”.
Bizkaiko beste traineruei jagokenez, Bermeo hirugarren izan da, Lekittarra seigarren eta Kaiku bederatzigarren.
Urdaibairen seigarren banderea
Domeka goizean seigarren bandera iritsi da Urdaibairentzat eta zapatuan Zierbenarekiko galdutako puntu biak berreskuratu dauz. Boiron, Urdaibai, Zierbena eta Ondarroa kenduta, Kaiku eta Lekeitio ez dira oso ondo ibili. Lehenengoa azkena izan da, 30 segundoko desabantailagaz. Lekeitiori jagokonez, bederatzigarren izan da, eta sailkapen nagusian Ondarroa zazpi puntura urrundu jako eta Cabo gainetik dau, puntu bardinekin. Ondarroako traineru bizkaitarrak ezustekoa emon dau, seigarren amaitu dau estropadea eta Getariako trainerura hurbildu da sailkapen nagusian. Elu arraunlaria oso pozik agertu da Ondarroari bigarren txanda irabazteak aurre egiten eutsalako: “Errasti iritsi zanetik behin bakarrik irabazi genduan eta gure helburua zan“.