
Carlos Olabarri Arratiako abade eta Ministerio Ordenaduko Idazkaritzako buruak nabarmendu deusku Frantzisko aita santuak Kristo eta Ebanjelioa erdigunean ipini dituala. Gaur egun be Jesusen eta Ebanjeliloaren gainean berba egitea posible dala erakutsi deusku, modu zabalean, sinodoa, pobreak, etorkinak, giza neurriko ekonomia, laiko eta emakumeen eginkizuna eta lekua eleizan, ekologia… Aita santuaren ekarpenaz esan diran danak kontuan hartzekoak dirala esan dau, baina asko ondorioak dirala, Kristo eta Ebanjelioaren mezuaren ondorioak.
Ebanjelioa eta Jesus ausardiaz eta samurtasunez aurkezteak erakarri egiten dauela esan deusku Olabarrik, eta Frantzisko aita santuak lortu dauela. Jenteak entzun egiten dauela eta eleizatik aldendutako askok be gustura entzun dituela bere berbak. Euretariko asko hurreratu ei dira Jaungoikoarengana. Aita santuak hori oso ondo egin ei dau.
Orain hurrengo aita santuaren aukeraketea etorriko da, 135 kardinalak batuko diran konklabean, baina aurretik Kardinalen Batzar Nagusiak egingo dira. Batzar honeek ez dira hain ezagunak, baina bai oso garrantzitsuak, Batzar horreetan aitatzen da hurrengo aita santuak izan beharreko perfilaz, eleizearen erronkez, eleizeak zelan lagundu munduari eta abar. Beraz, kontuan hartzeko batzarrak dira. Hamabost egun barru hasiko dira, gitxi gorabehera.