Sestaoko emakumezkoen trainerua ETE ligearen sailkapeneko buruan kokatu da estropada bi jokatu ostean

Deustu hirugarren postuan dago, Ondarroa seigarrenean eta Portugalete zortzigarrenean

Denporaldiko lehen banderea Kaikurentzat

Kaikuko arraunlariak eta teknikoak Pasaian irabazitako bandereagaz / Kaiku

Traineru denporaldi ofiziala hasi da astegoien honetan KAE1 eta ETE ligetako traineruentzat. Emakumezkeon traineru elkarteak antolatzen dauen ligeari jagokonez, estropada bi jokatu ziran astegoienean. Donibane-Ziburun zapatuan eta Pasaiako portuan domekan. Kaiku eta Zumaia izan dira protagonista nagusiak lehen jardunaldi bietan. Telmo Deun izan zan azkarrena Lapurdin jokatutako estropadan. Kaikuk irabazi egin eban lehenengo txandea baina traineru gipuzkoarrak hobetu egin eban haren denporea bigarrengoan.

Pasaian, baina, traineru biak aurrez aurre lehiatu ziran Astillero eta Deustugaz batera. Sestaoarrek gogor ekin eutsoen eta  Zumaiarekiko lau segundoko aldeagaz egin eben lehen ziaboga. Aldeak mantendu egin ziran bigarren luzean. Azken ziabogan Zumaiako aurrelariari ihes egin eutson aurreko arraun txikiak eta Telmo Deunek segundu erabakigarriak galdu ebazan. Kaikuk ez eban aukerea galdu eta denporaldiko lehen bandera eroan eben Sestaora. Ganera, ETE ligearen sailkapenaren buruan kokatu dira Zumaiagaz bardinduta. Deustu hirugarren dago sailkapenean, Ondarroa seigarren eta Portugalete zortzigarren. ETE ligako hurrengo estropadean Mundakan jokatuko da datorren domekan. Ainhoa Escobal Mardaras, Kaikuko arraunlariagaz egin dogu berba Jokoan tartean.

KAE1 ligeari jagokonez, Arkote izan da Bizkaiko trainerurik onena. Gorka Etxeberriak zuzentzen dauen taldeak zazpigarren postuan amaitu eban Donibane Ziburun jokatutako estropadea. Egun konplikatua izan zan zapatukoa Arkoterentzat. Izan be, lehiari ekin eta handik hiru minutura epaileek bertan behera itxi eben estropadea, ontzi bat eremuan sartu zalako.

Hurrengo egunean, ostera, bizkaitarrek lehia gogorra euki eben Zumaiagaz eta sailkapeneko hirugarren postuan amaitu eben. Josu Barturen, Arkote patroia euki dogu gaur Bizkaia Irratiko mikrofonoetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular