Aitor Elordi olatu gainean dago. Binakako Txapelketa Nagusia irabazi dau Jose Javier Zabaletagaz. Domeka arratsaldean txapela irabazi. Gauean, ospatu. Astelehenean kazetariekin alkarrizketak egin. Eta, martitzenean, astebete inguruko atsedena hartzeko egoala, buruz burukoa jokatuko ebala jakin eban. Rezusta eta Zabaletaren ordez, Elezkanok eta biek parte hartuko eben. Atsedenik ia hartu barik heldu ziran txapelketako aurkezpena eta material aukeratzea. Biak, eguaztenean. Barikuan, partidua.
Mikel Urrutikoetxea eukan aurrean Lekeition. Zaratamoztarra aurretik parau zan (5-1), indartsu hasi eban partidua. Elordik, baina, binakako txapelaren konfiantzapean, ondo erantzun eban. Bardindu egin eban partidua (5-5 eta 8-8). Eta handik aurrera gehiago izan zan. Azkenean, 22-11 amaitu zan partidua. Konfiantzeak gehiago balio izan eban atsedenik ezak eta prestatzeko astiak baino. Final laurenetako ligatxuan dago Elordi.
Elezkano, Laso eta Altuna izango ditu aurkari. Lau eta erdikoan izan zituan bi. Aldaketa bakarra, Altuna Ezkurdiaren ordez. Txapelaren bila doan itaunduta, mentalidadea horixe izan behar dala nabarmendu dau Elordik. Baina, helburua argi itxi nahi izan dau. Partidu guztietan mailarik handiena emotea. Zapatuan dauka lehen aukerea. Elezkanoren aurka jokatuko dau Labriten.