Eroski Kooperatibak 30 mila behargin daukaz, horreen herena bazkideak

Leire Mugerza (Eroski): "Irabazien marjina txikitu da, gu ez gabilz negozio honetan aberasten"

EROSKIren marka zuriaren salmenteak %6 egin dau gora

Leire Mugerza EROSKIko Errektore Kontseiluko burua / Bizkaia Irratia

Marka zuriko produktuen kontsumoak gora egin dau Eroskin. Igoerea %6koa izan dala zehaztu deusku EROSKIko Errektore Kontseiluko presidenteak gaur Goizeko Izarretan saioan. Kontsumitzaileak aldatu egin dauz bere saskiko produktuak. Elikagai eta edarien prezioen gorakadea iazko urtarriletik aurtengora ehuneko %15,4koa izan da. Horren aurrean kontsumoan aldaketak izan dirala esan deusku Leire Mugerzak. Elikagaien prezioak gero eta garestiagoak dira eta Yolanda Diaz Espainiako gobernuko presidenteordeak orain egun batzuk esan dau, baten bat diru piloa irabazten dabilela. Distribuzino kateak aitatu ebazan ministroak. Eroskitik Leire Mugertzak argi esan deusku, eurak ezetz, eurak ez dirala aberasten dagozanak.

Bezeroen joera barriak

“Gobernuak BEZa produktu jakin batzutan baino ez dau jaitsi. Okelaren, arrainen edo jogurten prezioan ez dabe BEZaren jaitsierarik ezarri. Kontsumitzaileengan aldaketak emon dira eta gero eta gehiagok marka zurira joten dabe eta guk hori igerri dogu” zehaztu dau Mugerzak.

Bidaia agentzien salmentea eta zorpetze maila

Orain dala aste batzuk EROSKIk bere bidaia-agentziak Iberostar taldeari saldu eutsazan. Orain Eroskiren bidaia-agentzietan lanean ibili diran behargin gehienek (bazkideek) kooperatibaren beste lantoki batzutan geratzea edo Iberostarren jarraitzea erabagi ahalko dabe. “Bidaia agentzien salmentea ez neuke gura zorpetze maila gitxitzeagaz lotuko. Bestalde Forum dendak eta gasolindegiak saltzeko asmorik ez dogu. Gure zorpetze maila bere lekura joaten dabil” azaldu deusku EROSKI Errektore Kontseiluko buruak.

Plastikoak murrizteko lege barria

Uztailaren batetik aurrera supermerkaduetan kilo t’erditik gorako barazki eta fruta loteak plastikoan ontziratu barik saldu beharko dira. Espainiako Gobernuak onartutako lege barriak horretara behartuko dauz saltoki handiak. “Gure hipermerkadu batzutan denborea daroagu hainbat produktu granelean saltzen. Kontua da joera hau lege bihurtu baino lehen gaitasunak ikusi behar dirala eta Espainiako Gobernuak ez dauela sektoreagaz berba egin” azaldu dau Mugerzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00