Baztango Udala, (H)ilbeltza alkartea eta Txalaparte Argitaletxea dira antolatzaileak

Abian da bitartean zazpigarren (H)ilbeltza beka

Euskal nobela baltzaren astea egingo da Baztanen hilaren 23tik aurrera

(H)ilbeltza Beka / Bizkaia Irratia

Euskal nobela baltzaren astea egingo da Baztanen hilaren 23tik aurrera.
Baztango Udalak, (H)ilbeltza alkarteak eta Txalaparta argitaletxeak alkarregaz antolatzen daben ekimena da honakoa. Baztanen hilaren 23tik 29ra bitartean egingo da euskal nobela baltzaren astea. (H)ilbeltza alkartetik, Elurre Iriartek esan deusku urtero gauza barriak sartzen ahalegintzen direla. Esan behar aurten, lan batzuk kanpoan itzi behar izan dabezala.

(H)ilbeltza beka

Euskal nobela baltzaren astea, bostgarren (H)ilbeltza beka irabazitako lana aurkeztuz hasiko da. Eneko Barberenak lortu eban eta “Suak erreko ez balu” izeneko elaberria aurkeztuko dau. (H)ilbeltza beka honetan, sormenezko lanak saritzen dira batetik eta bestetik itzulpenak. Aurtengoari jagokonez, zazpigarren bekea da eta sormenezko lanak aurkeztu daitekez. Txalaparta argitaletxetik Garazi Arrulak gogoratu 18 urtetik gorako edonork hartu leikela parte. Hori bai, inoiz argitaratu bako lanak izan behar dira eta beka irabazitakoek ezin dabe barriro parte hartu. Lanak, martiaren 10era bitartean aurkeztu daitekez. Epaimahaiak handik hile bira jakinaraziko dau nor dan irabazlea. Iaz, itzulpen lan bat saritu zan eta honakoa datorren urtean aurkeztuko da.

Azken irabazlea Baztanen

Euskal nobela baltzaren astean, orain urte bi bekea eskuratu eban Eneko Barberenak, “Suak erreko ez balu” aurkeztuko dau hilaren 23an. Garazi Arrulak esan deuskunez, lanaren berezitasuna da, protagonistea, perito bat dala. Barberenaz gain, Joseba Sarrionaindia, Garazi Arrula bera, Garazi Ugalde, Jon Alonso, Mikel Alvarez eta Gaizka Ugalde dira euskal nobela baltzaren astean parte hartuko dabenetariko batzuk. Hilaren 28an bazkaria egingo da Erratzuko alkartean eta hurrengo egunean, asteari amaierea emoteko Ruper Ordorikak eskeiniko dau kontzertua Elizondon.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular