OHI partikula erabilita esaten da: etorri OHI dira, behin baino sarriago etorten dirala aditzen emoteko. Baina ezezka zelan esan behar da? Normalean ez dirala etorten aditzen emoteko?
Euskaltzaindiaren oraintsuko batzar baten sortu jakun era informalean zalantza hau. Zelan esan ezezka: ez dira etorri OHI ala ez OHI dira etorri? Zein da ordenarikegokiena?
Gramatika-lege zaharrak agintzen dau ohi partikula hori, maiztasuna, ohikotasuna edo ekintza bat sarritakoa izatea aditzen emoten dauen hori aditz jokatuaren aurre-aurretxoan ipini behar dala. Eta halan da tradizinoan be. Baiezkako esaldian: ikusi OHI dogu dinogu, ordena horrexetan, ohi eta dogu bata bestearen atzean dirala. Eta ezezka be bardin: ez OHI dogu ikusi; hor be, ohi eta dogu bata bestearen ondoan eta ordena berorretan dirala.
Iparraldeko euskera zaharrean aditz partizipioa erabilten da diferente: ikusi edo etorri partizipio burutua erabili beharrean, hegoaldeko hizkeretan darabilgun moduan, ikusTEN edo etorTZEN, partizipio burutubakoa erabili izan dabe; hau da, ikusTEN ohi dugu, hegoaldean darabilgun IKUSI ohi dugu egiturearen ordez, edo etortZEN ohi dira, hegoaldean darabilgun ETORRI ohi dira dalakoaren ordez. Eta ezezkako esaldian, beste hainbeste.
Batzuetan, hizkera landuan irakurri dot ezezkako esaldietan, ohi partikulea aditzaren atze-atzean ipinita: ez dira etorri ohi, ez dira itzuli ohi, ez dira ikusi ohi eta halakoak. Ez dogu esango oker idatzita dagozanik, baina ez dira arauzkoak, ez ohiko ordenak; poesian eta hitz neurtuetan noiz edo behin erabili ohi diran aldaera estilistiko soilak baino. Ez ditugu gomendatzen idazkera arruntean.
Gogoratu daigun, adizki trinkoakaz be erabili izan dala eta hondino be erabilten dala ohi marka hori. Nik txikitan entzun ditut: ohi da(n) lez (bizi gara) edo ohi da(n) lango etxea erosi dabe egiturak, gaur formula edo egitura finkatu modura darabilguzanak.
Larramendik be bere Dic.Tril. Hiztegian honetan itzuli eban euskerara “la costumbre hace ley” esaera ezaguna: “Oiturak legea oi dakar”. Ohi dakar horren balioa gaztelaniazko “suele traer” aditzaren berbera da.
Eresi zahar bateko ahapaldia bat be gogora jatort: “Gizon txipi sotil baten andra zan. / Atearte zabalean oi zan, / giltza porra andiaen jabe zan . / Onra andi asko kunplidu jakan” (Milia Lasturko).
Ezezkako esaldiaren ordena dala-ta, hara Larramendik berak idatzitako esaldia: “Guziok ez oi gera […] gaba ta illuna baizikan (San.Agustin.sermoia). Adizki trinkoaz idatzia.
Eta aditz konposatuaz ezezka. Mogelen Peru Abarka-ko esaldi gogoangarri hau dogu lekuko ajutua: “Baina etxagun, izen onaren zalea nazan aldetik, ez oi naz sartu ardantegietan noraezean, preminaz eta ezinbestez baino; ez jakolako etxagun begiratu bati ondo egiten, burua bat egitea gizon ospetsu, burrukari, ondatzaile, alper eta baldanakaz”.
Aldi beretsukoak edo ostetxokoak dira beste pasarte biok be. Bata Agirre Asteasukorena: “Lege berrian ez oi dira gertatu kastigu ain izugarriak” (Erakus I). Eta bestea, Pedro Astarloarena: “Ez oi dala ikusi aserre bagako auzirik” (Urteco Domeca II).
Esaera unibertsal baten hitzak: “Gizakia gizakiaren otso”. “Homo homini lupus” latinez
Euskal errefrautegian nekez idoroko dogu honek lorratzik. Ez eta beste hizkuntzetakoetan be. Latinez Plautok (254-184 K. a.) Asinaria bere komedian idatzi ebana, eta halantxe, latinez idatzirik, gure artean ezagun bihurtu dan esaerea. Dino: “Lupus est homo homini, non homo, quom qualis sit non novit”. (Gizakia gizakiarentzat otso da, eta gizon, ez dakianean zein dan aurrean daukan hori).
Erasmusek bere adagia atsotitz bilduman jaso eban, eta ohar hau egin, bere interpretazinoa emonez: “Honen bidez ohar egitren jaku, ez gaitezala fidatu ezagutzen ez dogun gizakiaz, eta zuhur eta adi egon gaitezela beragazkoan, aurrean otso batekin bagendu legetxe”.
Otsoa aipu daben euskal errefrauek beste irudi batzuetara garoez. Gogoratu daiguzan behinen batzuk.
– Otsoa ardi bila. “”Otso gose danak urten darua basoti ardi billa” (Mog CO).
– Otsoa ardiak jagoten: “Otsoa ardi-zai” (Intza NEZ). Esatea lez: lapurra dan bat ipintea ondasunak jagoten.
– Otsoa eta arkumea edo bildotsa: “Gaur otso zabizen legez bihartik aurrera arkume bihurtuko zarie” (T. Gerrikagoitia Arantza ta larrosa).
– Otsoa, bildurgarriaren irudi. Berez dan baino handiago egiten: “Oihuek otsoa den baino handiagoa egiten dau” (EEZZ).
– Aitatu eta agertu. “Otsoa atarian” (Larramendi). Gaztelaniaz: “(En nombrando al) ruin de Roma, luego asoma”. “Otsoa ahoan ta otsoa atean”. “Otsoaz ari eta otsoa atarin” . “Otsoa aipemenin, aldamenin”(Garate EEZZ).
– Eguraldi txarra: “Elur ondoko hegoak otsoa ere bildurtu egin zoon” (EEZZ).
– Otsoa eta azeria, kaltegin handiak: “Axeria eta otsoa dira ballera batekoak”. / “El lobo y la vulpeja, ambos son de una conseja” (Larramendi).
– Otsoa eta usoa, irudi kontrajarriak: “Kanpoan uso, etxean otso” (Bergara. Elexpuru).
– Otsoa eta artzaren irudiak, zein baino zein txarrago dala aditzen emoteko: “Otsoari ihesi ta hartzak atzeman”, Zuberoako esakuntza zaharra (EY III).
.- Otsoa mozkorrari be esaten jako leku batzuetan. Katua eta katutu be esaten diran bide beretik. (OEH)
Gitxi entzuna dan berba bat: Hauspez (euspez)
Libe Agirre kazetariak ekarri deuskun berbea. Gaur ez hain entzuna, baina herri-herriko berbea. Labayru Hiztegiak emoten dituan esangura-kideak honeek dira: HYPERLINK “https://hiztegia.labayru.eus/emaitza/LH/all/buruz%2520%257C%2520buruaz%2520behera/2408278?locale=eu”buruz | buruaz behera, HYPERLINK “https://hiztegia.labayru.eus/emaitza/LH/all/ahoz%2520%257C%2520ahoaz%2520behera/2413309?locale=eu”ahoz | ahoaz behera, HYPERLINK “https://hiztegia.labayru.eus/emaitza/LH/all/behera%2520adi/2412131?locale=eu”behera adi, HYPERLINK “https://hiztegia.labayru.eus/emaitza/LH/all/mokoz-ipurdi/2450133?locale=eu”mokoz-ipurdi, HYPERLINK “https://hiztegia.labayru.eus/emaitza/LH/all/ahuspezka/2440200?locale=eu”ahuspezka.
Baina badauka esangura partikularrago bat be: aburska, musturrez aurrera…, gazt. ‘de bruces’. Adiera honegazkoak dira jauskera txarragaz daarabilgunean: “Ahuspez behera jausi eta ia musturrak apurtu ditu bertan.”.
Baina esangurarik orokorrena, ‘posizinoa, egokerea’ adierakoa dogu, ‘ahoz behera jarri’. Halan esaten dira: Auspez (jarri, parau). Erlijino giroan: Auspez jarri eta jesus umea gurtu eben.
Umeen lo egiteko paraukerea dala-ta be esaten da ahuspez. Bergaran halantxe batu eban Martin Elexpuruk: “Umiak auzpez eitten dabe lo” (Bergara).
Idazleeetan be lorratza itxi dau berba honek.
Klasikoen artean, hara Añibarroren pasartetxo bi: “Besoak zabalik belauniko edo buruz auspaz lurrean etxunik ifintea” (Lora.Sorta). “Esatorduan “damu dot”, etxun auspez bekokiaz lurrean” (Escu.Librua 1803).
Pedro Astarloa durangoarrak be erlejino giroan darabil: “Auspaz lurreraino makurturik” (UD).
Domingo Agirre ondarroatarrak holan darabil umeen jolasaren inguruan: “Solo ertzean jarrita, edo errekastoaren ondoan auspez, ume sostorrak, lora sortatxoak eginaz” (Kresala). Eta itxasoan itota hil dan umetxo bat dala-ta: “Ipini neban neuk Ikomes (Nikomedes) neure hamabi urteko seme ederra, killa gaiñean auspez” (Kresala).
Eta oraintsuagoko beste erabilerra bi. Bata, Zendoia herri-idazlearena: “Auspez kuxkurtuta, bi belaunen gaiñean, burua lurrean, ipurdiz gora, oiñetakorik gabe…” (Auspoa). Bestea T. Gerrikagoitia bollibartarrarena: “Santuaren aurrian apalik, eskerrik beroenak auspaz emon nairik” (Arantza.Larrosa).
Ahuspeztu aditza be aspaldi zaharrekoa dogu, ‘ahuspez jarri’ adiera berekoa. Mogelen pasarte bat: “Dago orain buruz bera auspazturik, o Jaunak; bazau bere jausitasuna, baita bere artu dituban zauriak” (PAb 215).
Bizkaia Irratiko entzule batek, deitzen dauenean, ahotan sarri darabilen berbea: “Aittitte begi-nabarra”. Begi-nabarra danak ze koloretakoak daukoz begiak?
– Nabar berbea, adjektibo moduan, koloreak dirala-ta darabilgunean, kolore-bikoa danarentzat darabilgu sartaldean.
Behia nabarra dala esan izan dogu ‘baltza eta zuria’ danean, berbarako.
Hegaztien munduan be sarri aitatzen da, lumak nabarrak eukitearen kontua. Oilo nabarra edo oilanda nabarra esan daroagu, lumak kolore diferenteetakoak dituanean. Halan entzun neutsan behinola aitaginarreba zanari, oilotokiko oilo baten gorabeheran esaten: “Arrautza bi egin ditu oilo nabarrak”.
Txorien koloreak dirala-ta be erabilten da nabarra: lumak edo hegoak nabarrak dizatearena. Mikea, edo pika, kolorez nabarra dala esan ohi da. Mateo Zabalak alegietariko baten kardantxiloagaitik darabil nabar izatea: “[Kardantxilloa] ain tzan ederra luma nabarrez / ta ori-gorri guztikoz” Ipuñak, RIEV 1907, 94). Eta herri-baladetan gabiraia dala-ta be bai: “[Gabinareak] egotxo nabarrean / derama kartea” (Baladak 205).
Katu nabarra aitatzen dau behin Mogelek: “Katu nabar bat zelan zuritu?” (CO 112).
Ardi nabarrak be izaten dira, zuriak izan arren nagusi eta baltzen bat tarteko. “[Ardi] zuri uts edo beltz utsak baiño, nabarrak askoz ere geiago zirala” idatzi eban Lardizabalek Testamentuaren itzulpenean.
Emakume eredu baten irudi gisa be erabili izan da gure herri-literaturan oilanda nabarraren izena. Harako ‘Peru gurea Londresen’ herri-kantuaren kopla ezagunetariko baten hitzak dira: “Neure oilanda nabarra / txikarra baina zabala, / zetan oa i auzora / etxean oilarra donala?” (Baladak 148). Kasu honetan oilanda nabarra, senarra urrunetan (Londresen) dauen emazte gazteari zuzendua da, auzora gizon bila zuzentzen dan andreari.
Soineko nabarra be esaten da, deigarria eta koloretsua danean. Halan darabil Krispin Beobidek: “[Zilizioa] geiago maita zuala jantzi pitxi ta nabarrak baiño” (Beobide Asisko Lorea).
Basoaren koloreak urtaroaren arabera zelan aldatzen diran esateko, halan idatzi eban Lizardik: “Noizbait orlegi, gaur nabar basoa”. ‘Hoy amarillea’. (Biotz.Begietan).
– Pertsonen izakunea dala-ta be esaten da nabarra. Halan Dom. Agirrek: “[Tramana ta Brix] biak ziran nabar samarrak, biak euren buruaren anditasunagaitik ebiltzanak” (Kresala).
– Begi nabarrak izatea, tradizinoz erabiliagoa izan da ‘begi urdinak’ izatearena baino. Domingo Agirrek Garoa-n, halantxe darabil: “Begi nabarrak”, pertsona batenakaitik. Eta Holmer ikertzaileak Gernikan halan batu eban: “”Azul. Begiak nabarrak (V-ger; ‘los ojos azules’)” (Holmer ApuntVizc.).
Muxikako eleizaldean senitarteko andra edadeko batek bere neba bati, begi urdinak eukazan bati, hau begira-begira eukala-ta emondako erantzuna: “Kendu eizuz horreek begi nabarrok nire aurretik!” (Inazia Totorikaguena – Laura).
Begi nabarrak izatea, ‘urdinak’ edo ‘azulak’ baino gehitxoago be izan daiteke: ‘hasarre, desapio’ modura begiratzea aurrekoari: begi nabarrakaz begiratu.
Edozelan be, adjektibo modura, aitita begi-nabarra entzuteak gauza bat dakarsku gogora: begi argiak dituan bati, eta ez ilun edo baltzak, begi-nabarra dala guztiz zuzen esanda dagoala, eta ez dala zertan ‘urdin’ edo ‘azul’ berbea erabili begien kolore argia dala-ta.
Bakio aldetik bialdu deuskuen berba bat: mizkanga
Iratxe Ormatza idazleak Labayru Fundazinoaren Lexikografia Arlora bialdu dauen berbea. Hiztegietan-eta nekez topetan dan berbea: mizkanga, berbaz mizkenga. Amak seme-alabai halan esaten ei eutsen, gitxi jaten ebenean: “”Mizkanga bat zara. Ez izan mizkanga!”.
Mizkanga berbearen atzean mizkin dagoala esan lei. Esangura berberagaz, baina edonorentzako erabilirik: umea zein nagusia, gizonezkoa zein andrazkoa izan leiteke mizkina. Eta halan erabilten da sartaldean leku askotan. Hiztegietan ‘goloso’ adiereagaz askotan, baina hurrago dago gazt. ‘melindroso’ adieratik. Gitxi jatekoa eta edozer ez jatekoa. Candido Izagirrek Urretxu-Antzuolako glosarioan jasorik ekarren: “Mixkíña, el que es demasiado melindroso en comer”. Toribio Etxebarrian be bai Eibarren: “Oso mizkiña maixan, jateko guztieri arpegi zimurra ipintzen detsala”. Bergaran be antzera J. M. Elexuruk: “Mizkiñ demasa izandakua da umetan”.
Oin-erro bereko berba bat baino gehiago dira, jate kontuan, adiera beretsukoak. Halan:
Mizkea dala pertsonegaitik esaten da. Halan: “Gaur antxina baino mizkeago bizi gareala eta barau gitxiago egiten doguzala edonok daki” (J.B.Eguzkitza LorIl, 184). Eta mizkeria, pertsonen portakizuna, jokerea edo izakerea. Halan: “euren bizi guztia asmau al besteko pozgarrietan, gurarietan, mizkeria ta erokerietan emonak” (J.M.Zabala Bermeo). Mizkeriak erreta egon esapidea entzun neutsan aspaldi Arratiako seme bat: “Mizkeriz erreta ez gara egongo, ez?” (Arantzazu. Jon Etxebarria).
Mizkina dala be pertsonegaitik esaten da, eta mizkineria da izakerea edo jokerea. Maumeko irrati-entzule bati harrapau neutsan hau berba-ekarrian: “Amak esat’auen mizkiñeridxe edadiegaz kentzen dala” (2005-VIII).
Mizkangea dala, Bakion batu dogun adjektiboa, neskatoakaitik edo andrazkoakaitik esaten dala esango neuke. Behar bada, mizkin baino gaitzesgarriagoa izan leiteke, baina esangura bera dau. Ez daigun ahaztu -anga atzizkia ugaria dala eremu horretan, berariaz sunda gaitzesgarriaz: bastanga, motronga, motxanaga, putanga, urdanga, zoranga, berbarako.
Kux berbea eta kuxtu aditza be entzun ditut antzeko adiereaz. Berba biok Mendatan ikasi ditut. Behin baino sarriago osaba Seberiano zanari entzunda. Batetik, kuxa izatea, mizkea izatea lez: “Hori umea kus hutsa da”. Eta bestetik, kuxtuta egon, mizkatuta egon, lar ondo ohituta, berak gura dauena egin batek. Hau Benardo dau… kuxtute! Entzun neutsan behin bere anaieagaitik esaten.