Abeslari eta kitarrista beteranoak bizi-bizi segiduten dau

Musikari zarauztarrak 'Ez da horren sinplea' diskoa bagilaren 2an aurkeztuko dau bere herrian

‘Ez da horren sinplea’, Jexuxmai Lopetegiren diskorik barriena

Jexuxmai Lopetegi musikariak proposamen barria dakar: Ez da horren sinplea (Zart kolektiboa). Diskoa hamabi kantuz osotuta dago eta rock klasikoaren legean egindakoak zein intimismo akustikorantz lerratutakoak aurkituko doguz. Lopetegik bere kitarraz modu soil eta biluzian abestutako kantu barnerakoiak dira.

Raymond Carverren Sinplea poematik atara dau Lopetegik diskoaren izenburua. Harkaitz Canok euskaratu dau poema eta eta Canorenak dira diskoko kanturik gehienen letrak, baina ez guztiak. Izan be, Joseba Sarrionandiaren aspaldiko testu bat be bada, baita Anjel Lertxundi aspaldian idatzitako poema “gamberro” bat be. Eta diskoa zarratzeko, Jexuxmai Lopetegik berak idatzitako Pauso luzera abestia, bere anaia zanari eskainitakoa.

Musikari zarauztarrak hogei musikaritik gora izan dauz lagun lan honetan. Produkzino lanetan Unai Moraza teknikaria ibili da eta Satxa Soriazuk kantu bi ekoiztu deutsoz.

Jexuxmai Lopetegik orain mende erdi baino gehiago zapaldu eban lehenengoz oholtza. Musikariak kontau deuskunez, hamalau urtegaz igo eban eszenatoki ganera lehenengoz bere anaiagaz. 1984.urtean Akelarre taldeak Anje Duhalde ordezkatzeko deitu eutsan: 8 urte eta 5 disko izan ziran, plazak goraino betez. 90.eko hamarkadan bide barri bati ekin eutsan, bakarlari lez, baina Noizbehinka taldeagaz. Ibilbide mamitsu hori Barrakoian 25 urte (Belarri, 2020) antologian laburbildu eban. Orain Ez da horren sinplea (Zart kolektiboa, 2023) disko barria dakar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular