Barikuan eskeiniko da Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna Barakaldon. Memoria historikoa lantzen dauan ikuskizuna da. Intxorta 1937 kultur alkartea eta Loraldia dira ikuskizuna bultzatu dabenak, Euskal Herriko bost ikastetxegaz batera. Egitasmo zabala antolatu dabe. Memoria historikoa, transmisinoa, kultur-sorkuntzea eta omenaldia buztartzen dauz. Igor Martin de Vidales da ikuskizunaren gidoiaren egilea eta zuzendari artistikoa. Azaldu deuskunez, gazteen artean gero eta zabalduago dagoen gorroto diskurtsoa ikusita hartu eben egitasmoa abian jartzeko erabagia.
82 gazte
82 gazte dabilz ikuskizuna prestatzen. Iurretako Juan Orobiogoitia ikastetxea, Zumarraga-Urretxuko Iparragirre, Duranako Ikasbidea, Durangoko Fray Juan de Zumarraga eta Bilboko Ibarrekolanda ikastetxeetako ikasleak dira. Ikasturtean zehar memoria lantzen ibili dira. Lanketa didaktikoa izan da. Antzerkia, poesia, musikea eta dantzea buztartzen dira barikuan lehenengoz eskeiniko daben ikuskizunean. Joseba Sarrionaindiaren testuak be tartekatuko dira. Gidoiari jagokonez, collage egiturea izango dau, lehenaldiko pasarteak gaur eguneko gertakariakaz tartekatuko dira. Gazteak
urduri eta gogotsu dagoz ikuskizuna eskaintzeko. Barakaldon izango da lehenengo emonaldia barikuan, iluntzeko zazpiretan, Clara Campoamor kultur etxean. Maiatzaren 1ean Durangon eskeiniko dabe, 8an Donostian, 15ean Gasteizen eta 22an Gernika-Lumon. Azken honetan, erbestea ezagutu eben haurrei eta euren familiei aitortzea egingo jake ikuskizuna eskeini aurretik.
