Planik Plan irratsaioaren hamabigarren emonaldiari ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Fermin Muguruzaren kontzertuak, Santo Tomas azokea eta Gabonetako ekitaldiak nabarmendu doguz.
Barikua
Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Arratsaldeko 16:15etan hasiko dira egitasmoak geure lurraldean. Ordu horretan, Bilboko Bira Kulturgunean, haurren festa ospatuko da Olentzero eta Mari Domingiren eskutik. Gaueko 21:00etan, Fermin Muguruza izango da protagonista nagusia, ordu horretan kontzertua emongo daualako Bilbao Arenan. Ganera, bigarren emonaldi bat egingo dau zapatuan ordu berean. Azkenik, gaueko 22:00etan, beste kontzertu bi egongo dira. Batetik, Bilboko Kafe Antzokian, Divas of Soul izango da; bestetik, Basauriko Social Antzokian, Bulego taldeak eskainiko dau kontzertua.
Zapatua
Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esaterako, Santo Tomas azokak izango dira Bizkaiko toki desbardinetan, Bilbon edo Lekeition lez. Eguneko ekitaldiei jagokenez, arratsaldeko 16:00etan, Bermeoko frontoian, Ostirala iritsi da! ikuskizuna burutuko dabe Porrotx, Mari Motots eta Pupu eta Lorek. Ganera, bigarren emonaldi bat eskainiko dabe 18:30etan. Musika esparruan, ABBA Tribute izeneko kontzertua eroango da aurrera Bilboko Euskalduna Jauregian arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Domeka
Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Eguerditik hasita, 12:00etan, Olabeagako San Nicolas eleizatxoan, Gabonetako abesbatza kontzertuak ospatuko dira. Bestalde, arratsaldeko 17:30etan, Bilboko Kafe Antzokian, neguko haur jaia ospatuko dabe Olentzero eta Mari Domingigaz.