Audience taldeak Bob Dylanen kantuak moldatu dauz bere disko barrian: 'Bob Dylan berrikusia' (Bidehuts)

Xabi Payak 2021. urtean idatzitako 'Bob Dylan 100 kantu' liburua izan dabe oinarri

Gaizka Insunza: “Oso soinu desbardina daukien abestiak Audienceren terrenora ekarri doguz”

Bob Dylan berrikusia (Bidehuts) da Audience taldearen disko barria, taldearen ibilbideko hamargarren lan luzea eta bertsinoz osotutako lehenengoa. Gaizka Insunza (ahotsa, gitarrak), Ager Insunza (ahotsa, gitarrak, pedal steel-a, bibolina), Andoni Lauzirika (baxua), Ruben Garatea (ahotsa, akordeoia, tekladuak) eta Kepa Elgoibar (bateria) dira Audience taldeko kideak.

Talde gernikarraren eta Bob Dylanen arteko hartuemona aspalditik dator.  Dylanen Hurricane abestiaren bertsinoa aspalditik jotzen dau Audiencek, eta 2010. urtean Azkena Rock jaialdian Bob Dylan zan artista nagusia eta egun horretan Audience taldeak jo eban. Bob Dylanen managerragaz egon zirala esan deusku Gaizka Insunza taldekideak. “Saiatu ginan Bob Dylanegaz argazki bat ataraten, eta garai haretan kaleratu gendun A shake in calm water diskoa managerrari emon geuntsan. Berak zigurtau euskun disko hori Bob Dylanengana helduko zala”.

Tolesdurak (2021) aurreko diskoaren birea amaitu ostean, proiektu barri baten bila hasi ziran. Egun baten Ruben taldekideak Xabi Payaren Bob Dylan 100 kantu (Elkar) liburua eroan eban lokalera, eta testu bategaz eta besteagaz probak eginez, forma hartzen hasi zan dana apurka-apurka. Dylanek Nobel saria irabazi ostean ondu eban liburu hori Payak. Izenburuak aurreratzen dauan modura, Dylanen kantutegi oparoko ehun ale itzuli ebazan euskerara.

Audience taldeak bederatzi abesti moldatu dauz: Mendian trumoia (Thunder on the mountain), Euri jasa latza dator (A hard rain´s a-gonna fall), Gazte betiko (Forever young), Positiboki 4. kalea (Positively 4th street), Dena hautsi da hemen (Everything is broken), Garaiak aldatzen baitira (The times they are a-changin´), Iparraldeko neska (Girl from the north country), Ez hoa inora (You ain´t goin´nowhere) eta Zeruko atea joz (Knockin´on heaven´s door).Urdulizko Tio Pete estudioan, saio bakarrean grabau ebezan abesti guztiak, Jose Lastraren gidaritzapean.

Bob Dylan berrikusia diskoa Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu eban Audiencek joan dan astean. Beste data bi iragarri dabez oraingoz: urtarrilaren 27an Gernika-Lumoko Lizeo antzokian eta martiaren 22an Donostian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular