Bi urtez prestaketa lanetan ibili ondoren, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua eta Plazara eragileek Bihar deituriko ekimena aurkeztu dabe Bilboko Euskararen Etxean. Horren harira, ekimenaren koordinatzailea eta Garabideko kidea dan Gorane Ayesta eta Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangagaz egin dogu berba. Esan deuskuenez, ekimenak hizkuntza gitxituen bizibarritzearen inguruko kontakizunen eguneraketan jarten dau fokua. Proiektuak hiru ardatz ditu.
Hasteko, nazinoartean, eta zehazki Hego Globalean, Ipar eta Hego Amerikako, Afrikako eta Asiako zein Europan eta Ozeanian kokaturiko hizkuntza komunidade gitxituetan, hizkuntzak bizibarritzeko prozesuetan erabilten diran diskurtsoak eta kontakizunak identifikatu dira, komunidadeak hizkuntzen alde aktibatzeko orduan erabilten diran diskurtso-estrategia horreek sakon aztertzeko asmoz.
Momentu honetan martxan dagoan bigarren fasean diagnostikoaren gako nagusiak Euskal Herriko eragile anitzekaz partekatuko dira. Horretarako, 10 herritan 20 saio antolatu dira, 150 lagun baino gehiagokaz. Bizkaian, esaterako, Durangon, Barakaldon eta Bilbon izan edo izango dira. Prozesuaren amaieran, bagilaren 4an, mintegi bateratua egingo da parte-hartzaile guztiekaz.
Azkenik, 2026ko irailaren 23tik 26ra lau eguneko Nazinoarteko Kongresua antolatuko dabe, Bilbo-Irun-Hendaia ardatzean, Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua lelopean. Kongresuak eduki akademikoak, gizarte-aktibismoa eta arte-adierazpena buztartuko ditu. Izan be, lau egunetan zehar berbaldiak, mahai-inguruak, tailer parte-hartzaileak eta espazio kulturalak eskainiko dira, aurreko fase bietan bildutako irakaspen, diskurtso eta esperientziak erdigunera ekarteko asmoz. Kongresua manifestu parte-hartzaile baten argitalpenagaz eta sare global barri baten eraketagaz amaituko da.
