Ondare material eta inmateriala buztartuko dira

Bertsolariak izango dira gidari museo desbardinetako bisita gidatuetan

“Gida Bira, gure museoak bertsotan” ekimena astegoien honetan

"Gida Bira, gure museoak bertsotan" ekimenaren antolatzaileak / Bizkaia Irratia

“Gida Bira, Gure Museoak Bertsotan” ekimena jarriko da abian astegoien honetan.
Euskeraren nazinoarteko egunagaz bat datorren Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da honakoa. Abenduaren 3.a da euskeraren nazinoarteko eguna eta zapatuan zein domekan, bertsolariakaz batera antolatu dira bisita gidatuak museo desbardinetan. Euskeraren Etxea ibili da guztia antolatzen. Bertatik, Iurdana Acasusok gogoratu deusku iaz hasi zirela Euskeraren Eguna alkarregaz ospatzen. “Ondarea Berbetan” izan zan iazkoa. Hiztegiak landu ziran orduan. Aurten, bertsolariak gonbidatu dabez.

Ohiko bisitetariko bat berezia izango da

Bakioko Txakoli Museoa-Txakolingunea, Balmasedako la Encartda Fabrika-Museoa, Bermeoko Arrantzaleen museoa, Bilboko Arkeologi museoa, Ondare Aretoa eta Rekalde Aretoa, Gernikako Euskal Herria Museoa, Kortezubiko Santimamiñe, Getxoko Punta Begoña Galeriak eta Muskizko El Pobaleko Burdinola museoak hartzen dabe parte Gida Bira ekimenean. Bertsolariak barriz, Ibon Ajuria, Aitor Etxeberriazarraga, Oihana Bartra, Ander Elortegi, Imanol Uria, Miren Amuriza eta Jone Larrinaga. Zapatuan eta domekan, museoetako ohiko bisitetariko bat, berezia izango da.

Gonbidadu gehiago

Aipatu behar, bertsolariez gain, kasu batzutan gonbidadu berezi gehiago izango direla. Pobaleko Burdinolan esate baterako, Ibon Ajuria bertsolariaz gain, Mari Domingi eta Olentzero be izango dira.  Pobaleko Burdinolan egingo dan bisita honetarako ez da sarrerarik geratzen. Bilbon, Rekalde Aretoan, Oihane Bartragaz batera, Yogurina Borova be arituko da. Getxon, Punta Begoñako Galerietan Euskeraren Etxeak ondu dauan “Liburuaren Arbola” erakusketea izango da ardatz.
Bisita gidatuetan izena emon behar da ezinbestez. Bakotxaren web orrian edo telefonoz deituta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular