Asteon Giza Eskubideen Behatokiak eta Harrerak iragarpen garrantzitsu bi egin dabez. Alde batetik, Behatokiak Nazino Batuen Erakundeak egindako txosten baten barri emon dau. Txostenean Harrera alkartearen lana gorapaitu eta erakunde publikoek bergizarteratze politiketan esku hartze handiagoa izatea eskatzen da. Beste alde batetik, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen egoerea zein dan jakin gura dau Harrera alkarteak. Horretarako, euren zaurgarritasunaren azterketa egingo dau aurten. 2000. urtetik hona espetxean 5 urtetik gora pasau daben pertsonen egoerea aztertuko dabe, gaur egungo preminak zein diran jakiteko eta urte batzuk barru zer behar izango diran aurreikusteko. Bost urteko muga ezarri dabe, hortik gorako kartzela aldiek ondorioak izten dabezala adierazten dabelako ikerketa askok. Azterketa honen ondorio nagusiak udagoienean aurkeztuko dabez.
Egoitz Koto Harrera alkarteko bozeroaleak azaldu dauanez, Harrera 2012. urtean jaio zan, Euskal Herrian kartzela, erbestea edota deportazinoa sufridu daben emakume zein gizonezkoen gizarteratzean laguntzeko, pertsona honeek bizitza duin bat eregi ahal izan dagien. Alkarte asistentzial honek egun daukazan 5.000 bazkideen ekarpen ekonomikoari esker gauzatzen dau lan hau. Lau eremutan jarduten dabe: juridiko administratiboan, osasunean, ekonomikoan eta enpleguan.
