Epaimahaiak nabarmendu dauanez, Getek gizarte-sentsibilizazinoan eta genero-bardintasunean konpromiso luzea dauka

Bere lanaren ardatz nagusietako bat euskerearen eta hizkuntza gitxituen garapen digitala sustatzea izan da

Harritxu Getek jaso dau 6. Gladys Saria

Irailaren 24an jaso eban Getek saria Donostiako Santa Teresa komentuan / Puntueus

Harritxu Gete Ugarte ikertzaile donostiarrak jaso dau 6. Gladys Saria. Puntues Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultadeak abiatutako sariak ingurune digitalean beharrean dabilzan emakume gazte euskaldunak autortu eta saritzea dauka helburu, gazteentzat erreferente barriak sortuz eta emakumeen talentua teknologiaren esparruan nabarmenduz.

Epaimahaiak bereziki baloratu ditu euskerarako itzultzaile neuronalen garapenean egindako lana, genero-ikuspegiaren txertaketea eta neska gazteentzat inspirazino-iturri izateko erakutsitako konpromisoa. Geteren ibilbide profesional osoa Vicomtech fundazinoari lotuta egon da. Bertan praktiketan hasi, ikerlari laguntzaile moduan jarraitu eta, gaur egun, ikerlari gisa dabil itzulpen automatikoaren zein hizkuntza-eredu handien eremuan.

Euskerea eta adimen artifizial arduratsua

Geteren beharraren ardatz nagusietako bat euskerearen eta hizkuntza gitxituen garapen digitala sustatzea izan da. Eusko Jaurlaritzaren Itzuli eta Vicomtechen Batua itzultzaile automatikoen garapen eta entrenamenduan parte hartu dau; egunero 300.000 itzulpen-eskaera baino gehiago erantzuten dabezan tresna estrategikoak, hain zuzen be. Horregaz batera, teknologiaren erabilera etikoa eta inklusiboa landu ditu bere ikerketetan, itzulpen automatikoko genero-alborapenak aztertuz eta nazinoarteko biltzar zientifiko zein aldizkari nagusietan dibulgatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00