Bizkaia Irratia Bizkaia osoa ezagutzen dabil apurka apurka, astero herriren batetik zuzenenean saioa eginda. Herriz Herri saioetan danetarikoa lantzen da: udal gorabeherak, herrirako proiektuak, alkarteen zeregina, arlo sozioekonomikoa, kulturea, kirola, herriko pertsona ospetsuak… Ezagutu Bizkaiko herri ezbardinak Herriz herri saioekin.
Asteon, baina, Herriz Herri saio berezia egin dogu. Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsidade eskoleak orain 75 urte, 1948. urtean ekin eutsan bere ibilbideari Erakunde Teresiarrean. 1973an Bilboko Eleizbarrutiak bere gain hartu eban eskolearen titulartasuna eta Unibertsidade eskola bihurtu eban. Ibilbide honetan BAM zentroan Haur eta Lehen Hezkuntzako 10.000 irakasle baino gehiago prestau dira.
Herriz Herri saioan, 75. urteurrenaz eta BAM eskolearen ikuspegi orokorraz egin dogu berba Jone Ozerinjauregi zuzendariagaz. Urteurrena dala-eta kaleratuko daben Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen liburuaz jardun dogu Leire Garamendi zuzendariordea eta Pello Ulazia irakasleagaz. Egun zentro honetan ikasten dabilzan Julen Andaluz eta Enara Gonzalez ikasleek be parte hartu dabe irratsaioan. Eta aspaldiko sasoiak be gogora ekarri doguz Lorea Bilbao eta Nerea Begoñagaz, biak be Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsidade eskolako ikasle ohiak.