Euskaltzaleen Topagunetik Andoni Urzelaik esan deusku gogotsu dagozala urte bitan on-line eskeini ondoren

Bilbon, Igorren, Zallan eta Berrizen izango dira emonaldiak zemendian. Bakotxean kontzertu bi eta bakarrizketa bat

Indarbarrituta eta barrikuntzakaz dator Udagoieneko Ostera

Udagoieneko Ostera jaialdiaren aurkezpena / Bizkaia Irratia

Indarbarrituta eta barrikuntzakaz dator aurtengo Udagoieneko Ostera. Zemendian izango dira kontzertuak Bilbon, Igorren, Zallan eta Berrizen. Azkenengo urte bietan, on-line baino ezin izan ziran eskeini. Aurten, aurrez aurre izango dira. Euskaltzaleen Topagunea eta Bizkaiko Foru Aldundia dira antolatzaileak. Kulturea hauspotu eta euskerearen erabilerea sustatzea da ekimen honen helburua. “Musikaren Katebegiak” izena jarri deutse aurtengoari. Katebegiek soka beraren hari-muturrak alkartzen dabez. Hori litzateke helburua aurten; gaur egun egiten dan musikaren erroak ezagutarazi eta euskal musikagintzak azken urteotan izan dauan garapena erakustea.

Lau egunetan zortzi musika talde

Korrontzi eta Kalakan taldeak arituko dira hasteko Bilboko Kafe Antzokian zemendiaren 3an gaueko bederatziretan. Niko Etxart eta Hapa Hapa eta Kerobia Igorren arituko dira. Lasarte Aretoan izango da kontzertua iluntzeko zortziretan. Hurrengo zapatuan, zemendiaren 19an, Lin Ton Taun eta Sua taldeak, Zallako Antzokian izango dira iluntzeko zortziretan.  Lin Ton Taun taldearen itzulerea izango da. Azkenik, zemendiaren 26an, Berrizko Kultur etxean izango dira La Basu eta JMartina taldeak. Publikoa euren inguruan, euren parean egongo da kontzertu honetan.

Bakarrizketak be bai tartean

Aipatu daigun emonaldi bakotxak zati bi izango dauazala. Taldeetako bakotxak 45 minutuko saioa eskeiniko dau eta tartean Jon Martinez “Txiki”ren bakarrizketa umoretsua izango da.

Webgune barritua

Kontzertuotarako sarrerak salgai dagoz www.udagoienekoostera.eus webgune barrituan. Honetan, talde bakotxaren ganeko informazinoa eskaintzeaz gain, euskal musikaren bilakaerea be agertzen da. Erabiltzaileek euskeraz abestutako kantagintzaren nondik norakoak ezagutu ahal izango dabez. 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular