Euskalduna Jauregiak zortzi milioi eurotik gorako diru sarrerak izango dauz aurten. Oraindik ez daukiez behin betiko emaitzak; datu zehatza, urtarrilaren amaieran eukiko dabela esan deusku Euskalduna Jauregiko zuzendariak Iñigo Iturratek gaur Goizeko Izarretan.
Euskalduna Jauregiak 25 urte daukaz, Bizkaian lehen mailako kultur espazioa da gaur egun. Gabonetako egitarauan makina bat hitzordu daukaz. Istorio ezagunenetako bat, Cuento de Navidad, Scrogge jaunaren eraldaketa pertsonala kontetan dauena, Auditoriumean izango da publiko guztientzako musikal moduan: atzo estreinaldia izan zan eta gainerako saioak gaur, bihar eta etzi izango dira.
Bilboko operaren egoitza da Euskalduna Jauregia. Euskadiko eta Bilboko orkestra sinfonikoek be bertan eskaintzen dabez euren kontzertuak. Erabilera orokorrean, urtean zehar, %90etik gorakoa da. Barriro handituko ete daben galdetuta, hausnarketa bat beharko litzakela esan deusku Iturratek.