Arrigorriagan emakumeak ikusarazteko prozesu parte hartzaile bat burutu dabe. Emakumeak espazio publikoan agertzea nahi dabela esan deusku Joana Etxeberria bardintasun zinegotziak. Kale izendegian esaterako.
Orain gitxi kultur etxeari Edurne Garitazelaia izena ipini deutse. Frankismo garaian euskerea irakasteko grina izan eban emakumea izan zan Garitazelaia. Bestalde, Lamiaena ondoko parke handiari Teodosia Ortega izena ipini deutse. Herriko emagina izan zan Ortega.
Arrigorriagan 12 mila biztanle inguru bizi dira eta herriko gizonakaz maskulinidadea lantzeko tailerrak egin dabez. Orain hortik harago joteko unea dala esan deusku Joana Etxeberriak. “Gizonek, gizon feministen erreferenteak behar dabez” aldarrikatu dau zinegotziak.
Arrigorriagak bestalde, Esnatu zerbitzua herrian ezarteko eskatu deutso Foru Aldundiari. Indarkeria jasan daben emakumeei laguntzeko zerbitzua da Esnatu eta eskualdean Ugaon daukie. Arrigorriagan ezarteko eskaerea eginda daukie. Gai horri buruzko batzarra euki barri dabe Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak eta Teresa Laespadak BFAko Bardintasun diputaduak.