Aulestiko jarduneko alkatearen esanetan, herritarrak berton geratzeko baldintza egokiak ipini behar dira

Ikasturteko azkenengo Herriz Herri saioa, Aulestiko liburutegitik egin dogu

Jone Ansotegi: “Erronka nagusia Aulesti herri bizigarria egitea da”

2022-23.ikasturteko azkenengo Herriz Herri saioan Aulesti bisitau dogu. Illuntzar, Bedartzandi zein Motrollo moduko mendiz inguratuta, Aulesti Bizkaiko ipar-ekialdeko udalerria da. Lea Ibarra mankomunidadeko herririk handiena eta populatuena da, 650 biztanle daukaz (Eustat). Herriguneak eta zazpi auzo nagusik osotuten dabe udalerria: Goierri, Ibarrola, Narea, Malats, San Anton, Urriola eta Zubero.

Jone Ansotegi izan da azken lau urteetan alkate. Bagilaren 17an, zapatuan osotuko dira EAEko udalak eta Irati Urberuaga alderdikideak hartuko dau aginte makila Aulestin. Jarduneko alkateak esan deuskunez, urduri eta lasai dago. “Kargu emoteak norberaren bizitzan aldaketa bat suposatzen dau eta horrek urduritasuna dakar, baia lasaitasuna be bai, hurrengo lantaldearengan konfiantza osoa eta behar ona egingo dabenaren seguridadeagaz”. Atzera begira jarrita, Ansotegik balorazino ona egiten dau, gustora azken lau urteetan egindako lanagaz. Aitortu dau 2019.urtean udaletxean sartu ziranean ideia asko eukiezala, baina 2020.urtean pandemiak udal eta herriko jarduna asko geratu eban, eta horrek gauza batzuk aurrera atarateko zailtasunak emon eutsezan. Halanda be, agintaldiko egitasmo nagusiak bete dabez: lehenengo bardintasun plana onartzea, hezkuntza mahaia sortzea… Ahaztu barik, beti be erronka barriak sortzen dirala. Aulestiko jarduneko alkateak azpimarratu dau, biztanleria beherantz doala, batez be, gazteak herritik kanpora doazela. Erronka horri erantzun gurean dabilz, herri bizigarria egitea da erronka nagusia, herritarrak berton geratzeko baldintza egokiak ipintea”.

Aulestiren aberastasun handiena, inguruaz gain, herri mogimendua dala esan deusku Ansotegik. “Bizirik dagoan herria da, herritarrek herritarrentzako egitarau potenteak antolatzen dabez urtean zehar”. Astebete barru San Juan jaiak ospatuko dabez Aulestin. Bagilaren 21etik 25era bitartean, bazkariak, txapelketak, musikea, dantzak eta bestelakoak ez dira faltauko. Nabarmendu, XXIII. Sobra txapelketa egingo dala bagilaren 24an. Etxeko atarietan ipinten diran apaingarriak dira. Ortuari, fruta, landare, lore eta bedar usaintsuakaz egiten dira. Ohitura zaharrari eutsi gurean, aurten be Aulestiko San Juanetan Sobra sariketea izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular