Kopuruak gora egin dau 10 urtetik beherako umeen artean

Bakterioek eragindako infekzino guztien moduan, antibiotikoakaz tratatu leiteke

Koldo Callado : “A estreptokokoak eragindako infekzinoak oso kutsakorrak dira

Azken hilabeteetan, Europako hainbat herrialdek jakinarazi dabe A taldeko gaixotasun estreptokoziko inbaditzailearen kasuen kopuruak gora egin dauala 10 urtetik beherako umeen artean. Gaixotasun hori Streptococcus pyogenes izeneko bakterio batek eragiten dau, A
estreptokokoa izenekoak. Bakterio hori ohikoa da herritarren artean, eta larruazalari, ehun bigunei eta arnas aparatuari eragiten deutse gehien bat.

A estreptokokoak eragindako infekzinoek, normalean, gaixotasun arin bat eragiten dabe: eztarriko mina, buruko mina eta sukarra, sarpullido gorri eta fin batekin batera. Halan be, batzuetan bakterioak odolera pasatu leitekez gaixotasun larri bat sortuz, birikietan, gultzurrunetan, erdiko belarrian, amigdaletan eta azalean konplikazinoak eragiten dituena eta heriotza eragin leikena.

A estreptokokoak eragindako infekzinoak oso kutsakorrak dira. Transmisinoa airean tantatxoen bidez edo eskuek sudurreko jariakinekin edo bakterioekin kutsatutako objektu eta gainazalekin kontaktuan egoteagaitik gertatu  daiteke. Beraz, gaixotasuna oso erraz kutsatzen da umeek bizi diran ingurune itxietan, holan eskoletan edo haurtzaindegietan.

Barri ona da, bakterioek eragindako infekzino guztiak bezala, antibiotikoekin tratatu leikela. Hori dala eta, komenigarria da osasun-profesionalei kontsulta egitea, edozein umek horrelako infekzinoren bat  badauka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular