50. urteurrena ospatuz emon deutso amaierea ikasturteari Bilbo Zaharra Euskaltegiak

Miren Agur Meaberen lanak 10 urte bete dauz

“Kristalezko Begi Bat” irakurri da etenik barik Arriaga Antzokian

Irakurraldi jarraitua Arriaga Antzokian / Bizkaia Irratia

Berrehun lagun baino gehiagok irakurri dabe gaur Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” eleberria Bilboko Arriaga Antzokian. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako hamaseigarren etenik bako irakurketea izan da gaurkoa. Klasikoen irakurteta hau antolatzen dauan euskaltegiak era berean, 50 urte betetan dauz aurten.

Euskerazko literaturaren feminizazinoa

2013. urtean argitaratu eban Miren Agur Meabek “Kristalezko begi bat”. Autofikzinoa generoan kokatzen dan lana da, nahiz eta egileak “auto-limitazinoa” terminoa nahiago dauan. Barru-barruko narrazinoa dala esan daiteke. Errealidadea eta fikzinoa buztartzen dira eta gehienak bat datoz esatean, ironia be nagusi dala nobela honetan. Liburu hau aukeratuta, helburua, gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omentzea izan da.  Lekeitioko idazleak, pozik hartu dau Bilbo Zaharra euskaltegiak bere liburua aukeratu izana. Gaurko irakurketea poz handiz jarraitu dau era berean. Aspaldiko lagunak barriro ikusteko erea izan dau, tartean, idazle bat baino gehiago. Euren ahotsez bere liburuaren pasarteak entzun izana itzela izan dala esan deusku.

Berrehun irakurle baino gehiago

Miren Agur Meabe izan da lehenengoa irakurtzen goizeko zortziretan. Azkena be bera izan da arratsaldeko ordubietan. Goizean zehar, idazleak, kirolariak, kazetariak, politikariak eta agintariak igaro dira besteak beste, Arriaga antzokitik, minutu bateko pasarteak irakurtzera. Euskaltegiko ikasleek be irakurri dabe eta diasporatik, Euskal Etxeetan euskerea ikasten ari direnak be izan dira gaur irakurle. Etxepare Euskal Institutuik, Irene Larraza zuzendariak esan deusku, ekitaldi berezia izaten dala honakoa eurentzat. Berezia era berean gaurkoa, Bilbo Zaharra euskaltegiarentzat. 50 urte beteta, Bilboko euskaltegi zaharrena da eta handienetarikoa gaur egun. Gaurko irakurraldia amaituta, bihar bertan hasiko dira datorren urtekoa prestatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular