"Uri berdeagoak behar doguz" aldarrikatu dau Lorea Floresek

Greenpeacen arabera Eusko Jaurlaritzaren Aldaketa Klimatikoaren aurkako Legea ez da nahikoa

Lorea Flores: “Atmosferan daukagun karbono kopuruak igoten jarraitzen dau”

Aktibistak aldarrikapen ekintza baten / Greenpeace

Atmosferan dagoan karbono kopuruak igoten jarraitzen dauela esan deusku Goizeko Izarretan saioan Lorea Flores Greenpeaceko Euskal Herriko koordinatzaileak. “Nahiz eta karbono isuriak murriztu beharko gendukezan, Parisko akorduak holan eskatzen dauelako, karbono isuriek ez dabe etenik” azaldu dau Greenpeaceko bozeroaleak.

Lorea Floresen berbetan aldaketa klimatikoaren ondorioz bero boladak luzeagoak izango dira, itsasoren mailak igoten jarraituko dau eta ekaitzak gogorragoak izango dira. “Aurreko udan Nafarroan izandako lehortea edo Bizkaian egondako ur eskasia agerikoak izan ziran” gaineratu dau Floresek.

“Uriak porlanezko irla handiak dira, eguzkia erreflejetan da eta beroa biderkatzen da” azaldu dau Greenpeaceko bozeroaleak azkenaldion Bilbon dozenaka arbola moztu dabezala salatuz. Uriak berdeagoak izan behar dirala aldarrikatu dau.

Gobernuei gas isuriak murrizteko konpromiso irmoagoa eskatu deutse Greenpeacek. Eusko Jaurlaritzak aurton aurkeztutako Aldaketa Klimatikoaren aurkako Legea nahikoa ez dala uste dau Lorea Floresek. “Zientzialariek gomendatzen dabe 2030erako 1995agaz alderatuta isuriak %55 murriztu behar dirala eta Jaurlaritzak %20 murrizketea aurreikusten dau” zehaztu dau Greenpeacek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular