Bertsozalez gainezka egon zan Berrizko Olakueta frontoia

Xabat Galletebeitia lekeitiarrak finalerako txartela lortu eban

Maila oneko lehen finalaurrekoa Berrizen

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen finalaurrekoa jokatu zan aurreko zapatuan Berrizko Olakueta frontoian. Aitor Etxebarriazarraga, Eneko Abasolo, Gorka Pagonabarraga, Iruri Altzerreka, Koldo Gezuraga eta Xabat Galletebeitia aritu ziren bertan. Azken hau, Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarra izan zan nagusi. 616 puntu ta erdi eskuratu ebazan eta finalerako txartela be badauka dagoeneko.

Maila oneko finalaurrekoa

Unai Iturriagak esan deuskunez, maila oneko finalaurrekoa izan zan. Esan behar, bertsozalez gainezka egon zala Berrizko Olakueta frontoia, 550 lagun batu ziran bertan. Itxaro Juaristi izan zan gai-jartzailea. Epaileak barriz, Ander Arrien, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi. Honeentzat Galletebeitia aritu zan ondoen, berari emon eutsen puntu gehien. Iturriaga bat dator eurekaz. Gorka Pagonabarraga geratu zan bigarren 604 puntugaz, Aitor Etxebarriazarraga hirugarren 585,5 puntugaz, Eneko Abasolo laugarren 550,5 puntugaz, Koldo Gezuraga bostgarren 549,5 puntugaz eta Iruri Altzerreka seigarren 548,5 puntugaz. Eneko Abasolo Abarkasentzat, azken txapelketea izan da aurtengoa, 25 urteko ibilbidea egin ostean. Txalo zaparradea jaso eban amaieran.

Bigarren finalaurrekoa Santurtzin

Hurrengo finalaurrekoa Santurtzin jokatuko da zapatu honetan. Serantes Kultur Aretoan izango da arratsaldeko bostetan. Aitor Bizkarra, Bittor Altube, Jone Uria, Mikel Goriena, Txaber Altube eta Unai Mendiburu arituko dira bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular