Mikel Baza medikuak bizitza testamentuaren garrantzia azpimarratu dau Bizkaia Irratian

Dokumentu honen erabileraz eta garrantziaz egin deusku berba familia medikuak

Mikel Baza: “Ez dago adin bat aurretiazko borondateak egiteko”

Mikel Baza medikuagaz batera aurretiazko borondateen inguruan hausnartu dogu Lau Haizetara irratsaioan. Dokumentu honen erabileraz eta garrantziaz berba egin deusku, batez be, bizitzaren amaierari lotutako erabagin inguruan. Bazak azaldu dauanez, aurretiazko borondateen agiria norberak osasun arretaren inguruko nahiak eta lehentasunak adierazoteko aukerea emoten dauan dokumentua da. Hau oso baliagarria izan daiteke, pertsona batek bere erabagiak hartzeko gaitasuna galtzen dauanean, adibidez, dementzia edo istripu larri baten ondorioz, koman geratzen danean. “Dokumentu bizia da, eta edozein unetan eguneratu daiteke” nabarmendu dau.

Askotan heriotzaz berba egiteak beldurra sortzen dau, baina honek naturaltasunez hausnartzeko aukera emoten dauala esan dau Mikel Bazak. Danera, dokumentu honek familiaren arteko tentsinoak murrizten lagundu leikela azaldu dau, erabagiak argi eta idatziz itxita.

Euskadin bizitza testamentua egiteko prozesua erraza da. Bazak azaldu dauanez, Eusko Jaurlaritzaren erregistroan formalizau daiteke edota osasun zentroetan hiru lekukoen presentziagaz. Azken urteotan mediku eta erizan batzuk be prozesu hau bideratzeko aukerea daukie. Gai honen inguruko informazinoa eskatu gura dabenentzat, Mikel Bazak osasun zentroetan antolatzen diran informazino saioetan parte hartzea aholkatzen dau. “Hau ez da adin batera mugatzen, edonorentzat gomendagarria da, gaztaroan zein helduaroan” gehitu dau. Amaitzeko, gizarteari deia luzatu deutso. “Garrantzitsua da bizitzaz gozatzea, baina heriotzeari eta bizitzaren amaiereari beldurrik izan barik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00