Galdakako atzelariak 350 partidu jokatu ditu profesionaletan emon dituen hamar denporaldietan

2017 urtean eskuz binakako txapelketako finala jokatu eban Oinatz Bengoetxeagaz batera Irribarria eta Rezustaren aurka

Mikel Larunbe: “Pelotariok aukera bikaina galdu genduan 2020ko greban”

Mikel Larunbe, Galdakaoko Kurtzea pelotalekuan jaso eban omenaldian / Bizkaia Irratia

Mikel Larunbek hamar urteko ibilbidea egin dau profesional mailan, zemendiaren 26an bere azken partidua jokatu eban arte. 350 partidu jokatu ditu hamar urte honeetan. Herriko frontoian, Galdakaoko Kurtzean jokatu eban azken norgehiagoka, Danel Elezkanogaz batera, Iñaki Artola eta Eskirozen aurka. Harmailak bete egin ziran herriko pelotariari ondo merezidu dauen agurra emoteko.

Une gozoak eta garratzak bizi izan ditu Larunbek, 2013ko urtarrilaren 5ean profesional mailako lehen partidua jokatu ebanetik. Promozino mailako txapelketaren final bi jokatu ostean, 2015 eta 2016an, Galdakaoko atzelariak binakako txapelketa nagusiko finala jokatu eban hurrengo urtean Oinatz Bengoetxeagaz batera. Ezin izan eben txapela jantzi Irribarria eta Rezusta nagusi izan ziralako finalean.

Azken urteak oso gogorrak izan dira Mikel Larunberentzat. Partidu gitxi jokatzeaz ganera, ez dau ezelango protagonismorik izan bere enpresa ohiak antolatutako jaialdietan. Galdakaoko atzelariak garbi esan deusku “baztertuta” sentidu dala azken urteetan. Larunbek parte hartze zuzena euki eban Baiko Pilota enpresako ia pelotari guztiek 2002ko martxotik urrira egin eben greban. Bere ustez, pilotariek “aukera bikaina” galdu eben “kolektibo moduan funzionatzeko, langile kontzientzia hartzeko, eta azken baten benetako indarra izateko”

Etorkizunera begira, Larunbek 29 urte ditu eta sasoian dago. Eskaintza batzuk jaso arren, ez dau erabagi pelotan jokatzen jarraituko dauen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular