Aurten be Eusko Jaurlaritzak gazteen boluntariotzako Auzolandegiak programea martxan jarri dau. Gazteria Zuzendaritzeak hainbat urte daroaz programa hau antolatzen. Miren Saratxaga Gazteria-ko zuzendariak Bizkaia Irratiari azaldu deutsanez, urterik urtera programa arrakastatsua da.
2024ko udan bederatzi auzolandegi egingo dira Euskadin: hiru adin txikikoentzat (14-17 urte artekoentzat), Lemoan egingo dan auzolandegia (16 eta 21 urte artekoentzat), eta beste bost adin nagusientzat (horietako bi Bizkaian, Lekeition eta Derion. Danetara, aurten 220 plaza egon dira eta guztiak bete dira.
Euskadiko auzolandegiek leku askotako gazteak hartzen dabez. Gazte euskaldunak ezeze, beste autonomia-erkidego batzuetako eta atzerriko gazteak be bai. Ganera, Euskadiko gazteei estaduko gainerako erkidegoetako eta atzerriko auzolandegietan plazak eskaintzen jakez. Aurtengo udan 140 euskal gazte joango dira beste autonomia-erkidegoetara edo atzerrira. Bai hemen bai kanpoan, gazteek, besteak beste, ingurumenaren, arkeologiaren, alkartasunaren edo lankidetzearen arloan lan egiten dabe. Euren borondatez eta ordainetan ezer jaso barik, aldi batez alkarregaz bizi eta gizarte osoagaz zerikusia daukan proiektu baten parte hartzen dabe.