Nabil 2005. urtean Lekeition sortutako pop-rock taldea da. Naturaren elementuei 5 disko eskaini ostean, talde formatua amaitu eta Unai Egiak bakarlari lez jarraitu eban. 2020an sei kantuko Sukar-ametsak EPa argitaratu eban. Eta orain bost kantuz osotutako Margolana diskoagaz jatorku musikari lekeitiarra. Abesti guztien letrak, gitarrak, baxua, bateria eta ahotsak berak egin dauz. Nahasketa eta masterizazinoa, Aitor Ariñok (Lorenzo Records). Diskoaren azala, barriz, Eneko Arruzak, eta bideoklipen zuzendaritzea eta grabazinoaren arduradunak, Aitor Zugadi (El burrito Films) eta Jon Azkorra izan dira.
Musikalki Unai Egiak rock formatua emon deutso diskoari, ahotsak eta gitarrak protagonismo handia jasoz. Aurreko diskoan kantautore jantzia izan eban Nabilek: ahotsa eta gitarra akustikoa nagusi. Kasu honetan abesti bat formatu horretan dago grabatuta, diskoari izenburua emoten deutson Margolana kantua hain zuzen, eta beste laurak bateria, baxua eta gitarrez beteta dagoz.
Zuzenekoetan bakarkako bidean jarraituko dau Unai Egiak, gitarra akustikoa eta elektrikoa, 3 looper, bonboa eta pandereta erabiliz. Orkestra gizon lez edo.