Aitor Elordik buruz buruko txapelketako finalaurrekoa jokatuko dau, Unai Laso txapeldunari irabazi ostean

Darioren aurka jokatuko dau datorren domekan Ogeta frontoian finalerako txartel baten bila

“Nasai nago, nire helburuak bete dodaz-eta”

Aitor Elordik goi mailako jokoa erakutsi dau buruz buruko txapelketan / Bizkaia Irratia

Aitor Elordik buruz buruko txapelketa nagusiko finalaurrekoa jokatuko dau bere lehenengo parte hartzean. Mallabiarrak irabazi egin ditu Urrutikoetxea, Elezkano eta Unai Laso txapeldunaren aurka jokatu dituen partiduak. Jokin Altunak bakarrik lortu dau Elordi menderatzea eta partidu horretan be bizkaitarra aurretik joan zan markagailuan.

Aurreikuspen guztiak gainditu ostean, Elordiren ibilibidea manomanistan ez da oraindik amaitu. Darioren aurka jokatuko dau datorren domekan Gasteizko Ogeta pelotalekuan, finalerako txartel baten bila. Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dabe lehenengo finalaurrekoa zapatuan Iruñeko Labrit pelotalekuan.

Eskuz binakako txapelketa nagusiko txapela eskuratuta, Mallabiko aurrelariak buruz buruko finala jokatzeko aukerea dauka. Horretarako, baina, aurtengo txapelketan jokatu dituen partidu guztiak irabazi dituen Dario pilotari errioxarra kanporatu egin beharko dau.

Aitor Elordigaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean, domekako partidurako pelotak aukeratzeko ekitaldiaren aurretik. Nasai dagoala esan arren, ezin dau ukatu igarri egiten dauela tensino apur bat domekako partidura begira. Izan be, pelotari batek ez dau egunero izaten buruz buruko txapelketako finala jokatzeko aukerea. Are gitxiago, aurretik gaur eguneko txapelduna kanporatu ostean. Hori bai, helburuak beteta izateak emoten dauen nasaitasunagaz ekingo deutso Darioren aurkako partiduari. Esan beharrik ez dago, itzela izango litzatekeela Aitor Elordi buruz buruko finalean ikustea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular