Algortako ikastolak behar dauen babes ekonomikoa jaso eban atzo Ibilaldiari esker

"Uriburuetan matrikulazino datu onak euki doguz" esan dau Ikastolen Elkarteko buruak

Nekane Artola: “Euskera Lege barri bat eukiteko saltoa emoteko garaia da”

Ibilaldia atzo Algortan / Irekia

Eguraldi txarrari aurre eginda milaka pertsonek bete ebezan atzo Algortako kaleak. Bizkaiko ikastolen jaian gitxi gorabehera aurreikusitako diru kopurua batu dabela esan deusku Nekane Artolak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko buruak. Horri esker San Nikolas ikastolak eraikin barria izateko behar besteko babes ekonomikoa jaso dau. Ikastolen lana gazte euskaldun konprometituak izan behar dala esan deusku Nekane Artolak gaur Goizeko Izarretan saioan. “Errealidadeak asko aldatu dira baina bere horretan jarraitzen dabe ikastolak sortu ziraneko beharrizan batzuk, ikastolen balore bat parte hartzea da eta gaur egun hori behar da eta ikastolek hori bermatzen dabe. Gure komunidadearen berbea gizartean egotea bermatzen dogu” azaldu dau Artolak.

Euskeraren Lege barri baterako saltoa emoteko sasoia da Nekane Artolaren berbetan. “Diagnostikoa eginda dago, ikerketa soziolingustiken emaitzak hor dagoz eta jauzia egiteko garaia da. Euskerak hizkuntza politika ausartak behar dauz eta gai honetan salto bat behar da” zehaztu dau Artolak.

Matrikulazino datuei erreparatuta ikastolek egoera egongokor bat bizi dabe. “Herririk herrira joera desbardinak dagoz eta uriburuetan matrikulazino datu onak euki doguz. Hori bai egoerea ez da erraza, jaiotze tasaren beherakadea jasaten gabilz, ehunekoetan mantentzen gara eta gure proiektuak bizirik dirau” azaldu dau Artolak. Bestalde, segregazinoa saihesteko planaren bigarren urtera helduta, plangintza horren balorazino bat behar dala uste dabe Ikastolen Elkartean. “Aplikau diran neurriak eraginkorrak diran ala ez jakin behar dogu, eta ateratzen diran ondorioen arabera esku-hartzeak proposatuko doguz” zehaztu dau irakasle gipuzkoarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular