Urte bi bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu eta Radom espetxean sartu ebenetik

Ziegako kideekin baino ezin dau egin berba, bakartuta egoten da sarri eta senitartekoek bisita bi baino ez ditue euki

Oihana Goiriena: “Babesa herriaren aldetik jaso dogu eta faltea instituzino zentraletan”

Agerraldi ugari egingo da gaur Pablo González kazetariaren egoerea salatzeko. Urte bi beteko dira atxilotu eta Poloniako Radom segurtasun handiko espetxean daognetik. Zortzi bider luzatu deutsie espetxealdia, azkanengoz aurtengo zezeilean, beraz maiatzean barrikusiko dabe bere egoerea. Ez dauka epaiketa fetxarik eta bere aurkako probarik be ez dabe aurkeztu.

Hasieran luzaro egon zan inkomunikauta, gaur egun ziegako kideekin baino ezin dau egin berba eta askotan bakartatuta egoten da. Senitartekoek birritan baino ezin izan dabe joan bisitan urte bi honeetan.

Etxekoen eskaria

Oihana Goiriena bikotekideak esan deusku eurak ez dabela aparteko pribilegiorik eskatzen, legeak baimentzen dauena beteteko baino. Epaiketea hainbat arinen egiteko eskatzen dabe, eta prozesu garbia. Bere abogaduek espediente osora sartzeko aukerea eukitea be eskatzen dabe, bere defentsea ahalik eta ondoen prestau ahal izateko. Orain eskuak lotuta ei dabilz, aukera hori ez dabelako.

Epaiketeari kanpoan itxaron ahal izatea be eskatzen dabe, baldintzapeko askatasunean, eta bestela bertoko kartzela batera ekarteko, hori legezkoa dalako. Eskatzen dabe guzti hau legeak aurrikusten dauena dala azaldu deusku Goirienak, ez dagoela pribilegiorik.

Babesa herrian eta faltea instituzino zentraletan

Oihana Goirienak esan deuskunez herriaren aldetik jaso dabe babesa batez be, bai hemen eta baita hemendik kanpo be. Hurreko erakundeen inplikazinoa be nabarmendu dau, baina honetan zeregina euki leikien instituzunoen faltea igarri dabela be esan deusku, esaterako, Espainiako Atzerri ministerioarena.

Agerraldiak gaur

Agerraldiak egingo dira gaur Bizkaian zehar eta beste leku batzuetan, Pablo Gonzálezen egorea salatzeko. Gernikan arratsaldeko 19:00etan egingo dabe mobilizazinoa, Merkuriotik abiatuta. Bilbon be egingo da, irrati-telebista publikoaren egoitzearen parean, 15:30ean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00