Orain hile bi Basan izeneko aurrerapen kantua zabaldu ebanean, disko barri bat kaleratzeko asmoa iragarri eban Olatz Salvadorrek. Orain abesti barri bat eta iragarpen batzuk plazaratu dauz musikari donostiarrak. Gerorik balego singlea entzungai dago plataforma digitaletan, eta aurreratu dau iraila amaieran kaleratuko dauan hirugarren diskoaren parte izango dala.
Sorkuntza ziklo barri honetan aldaketa bat datorrela esan deusku Salvadorrek. Izan be, oinarri elektronikoek eta distortsinoek marketan dabez orain arte ezagutzera emon dauazan kantu biak. Gerorik balego kantuan Basan abestian baino “zikin, oldarkor eta basatiago”. Balaunka diskoetxetik azaldu dabenez, “oinarri elektronikoa eta soinu anbiental eta distortsionatuek rave kutsu bat emoten deutse; dantza katartiko batera eroan gura gaitun bidaia proposatzen dau”.
Gerorik balego kantua 2022. urtean sortu eban Loraldia jaialdiaren testuinguruan, eta orain Gironako Oliveira estudioetan ekoiztu, grabau eta nahastu dau. Kantuagaz batera, Olatz Salvadorrek bideoklipa be kaleratu dau. Ane Berriotxoak zuzendutako Basan abestiagaz kaleratutako bideoaren jarraipen bat da honakoa.
Bestalde, bagilaren 20an Miramar Gauak jaialdian parte hartuko dau Salvadorrek bandeagaz. Besteak beste, La Oreja de Van Gogh taldeagaz oholtza partekatuko dau Salvadorrek. Eta garagarrilean, barriz, hondino iragarri ezin dauan baina ilusino handiz emongo dauan kontzertu bat eskainiko dau musikari donostiarrak.