KAE 1 ligara itzultzeko helburuagaz ekin eutson Portugaleteko gizonezkoen traineruak 2023ko arraun denporaldiari eta helburu hori betetea lortu dabe. Jarrillerako mutilak nagusi izan dira aurreko astegoienean Colindresen eta Erandion jokatutako play offeko estropada bietan, Deusto, Donostiarra eta Busturialdearen aurretik. Deusto bigarren geratu da eta Eusko label Ligara igoteko play offa jokatu arte itxaron beharko dau datorren denporaldian KAE 1 ligan lehiatzeko aukerarik eukiko dauen jakiteko. Galiziako ordezkari biak, Ares eta Bueu, TKE ligara igoko balira, Deustok ez leuke eukiko lekurik KAE 1 ligan. Eusko Label Ligara igoteko play offean egon daiteken beste edozein emaitzagaz, Deustok eutsi egingo leuskio maileari. Busturialdeak, ostera, KAE 2 ligan egingo dau arraunean datorren denporaldian, play offean laugarren sailkatu ostean.
Bost urte luze egin ditu Portugaletek KAE 2 ligan 2018an mailea galdu ebanetik. Uste baino urte gogorragoak izan dirala autortu deusku Karlos Belasko, Portugaleteko presidenteak, Jokoan tartean egin deutsagun alkarrizketan. Izan be, arraunlari eskasia gero eta nabarmenagoa da eta ondorioz trainerua uretaratzen daben kluben kopurua asko murriztu da. Aurten, zazpi talde baino ez dira lehiatu KAE 2 ligan, orain dala urte batzuk hamazortzi egon baziran be.
Datorren denporaldira begira, entrenatzaile aldaketa egongo da Jarrillera traineruan. Jaime Riosek ez dau segiduko Portugaleten eta dagoenekoz klubaren zuzendaritza batzordeak lotuta dauka hurrengo denporaldiko teknikoa. Halanda be, ez dabe haren izenik emon une honetan beste arraun talde baten dabilelako lanean. Emakumezkoen traineruak be arduradun barria eukiko dau 2024 denporaldirako, Aser Nuñez, egungo entrenatzaileak, talde teknikoan segiduko badau be.