Gizonezkoen artean, minbizi ohikoena prostatakoa da

Mikel Baza medikuagaz prostataren inguruan egin dogu berba

Prostataren zaintza, mitoak eta errealidadeak

Gernu-sistemaren anatomia besikala / Depositphotos

Zezeilaren 4.a Minbiziaren kontrako munduko eguna izan zan. Igaz, 2024an, 7.700 minbizi-kasu baino gehiago diagnostikau ziran Bizkaian. Gizonezkoen artean, minbizi ohikoena prostatakoa da, eta emakumeetan, barriz, bularrekoa. Lau Haizetara saioan osasunari eskainitako tartean, prostataren zaintzaz aritu gara. Mikel Baza medikuak azaldu deuskunez, prostata gizonek daukien guruin bat da eta gernu-maskuriaren azpian kokatzen da. Bere funtzino nagusia semenaren osagaiak ekoiztea da. Edadeagaz batera, prostataren tamainua handitu egiten da. Askotan prostata handitzea minbiziagaz lotzen dogu, baina Bazak argitu dau horrek ez dauala zertan holan izan behar. Prozesu fisiologiko naturala dala azpimarratu dau, prostataren handitzea ez dala minbiziaren sinonimo bat.

PSA probari buruz be egin dogu berba. PSA prostatak ekoizten dauan proteina bat da, eta bere mailak handitzeak minbiziaren susmoa piztu leike, baina beste arrazoi batzuengaitik be altu egon daiteke. Horregaitik, momentuz, PSA-ren bidezko baheketa ez da gomendatzen populazino osoan.

Oraintsu Osakidetzak prostata minbizia goiz detektatzeko programa piloto bat martxan jarriko dauala iragarri dau. Bagilean izango da eta prostatako minbizia hautemateko herritarren baheketa Osakidetzan ezartzea baloratzeko proiektua izango da. Mikel Baza medikuak nabarmendu dau medikuarengana joatea komeni dala sintoma aipagarriak nabaritzen diranean, baina panikorik sortu barik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00